Jon Sarasuaren hitzei doinua jarri zion Oskorrik. Euskaldun berriaren balada kantuan euskara ikasle batek hizkuntza ikasteko bere motibazioak, poz eta penak aireratzen ditu. Kantu ezagunaren melodia buruan hartuta, euskaltegiko ateaz bestaldean opatu ditugu Juakina Zubiria Galarza, Jokin Zelaia Oiarbide, Andrea Imaz Askargorta, Milagros Aldasoro Sarasua, Peio Errazkin Setuain, Txaro Martinez de Eulate Garralda eta Ana Garisoain Ibañez opatu genituen bertan. Haietako batzuk bezperan pixka bat laster egin zuten Korrikan, beste batzuek ez, eta leihotik begira egon zenik ere izan zen. Eta zuzeneko emanaldiaren bidez guztiek ikusi zuten Korrika. Baionako akaberara bik joateko asmoa azaldu zuten.
Aurreko euskara ezagutzaz
Garisoain "aspaldi" gau eskolan lau urtez egon zen. Utzi eta duela lau urte berriro heldu zion euskara ikasteari. Martinez de Eulate gaztetan euskara ikasten hasi zen, baina gero utzi zuen. Euskara ikasketei duela bost urte berrekin zien. Errazkin "ideiaren bat bazuen" ere, zerotik hasi zen ikasten. Guraso euskaldunak zituen, eta txikitan, Irañetan, euskara erakutsi zioten. Baina Iruñera ikastera joan eta han erdaldundu zen. Gainera, gurasoek gaztelaniaz hitz egiten zioten, eta, azkenean, ahaztu egin zitzaion.
Aldasorok "txikitan" euskaraz hitz egiten zuen, baina eskola gaztelaniaz zenez, pixkanaka ahaztu zuen. Eta duela bost urte-edo bueltatu zen euskara ikastera. Imazek txikitan bazekien. Donostiatik Altsasura etorri eta ez zuen euskararekin jarraitu. Ikasturte honetan "pixka bat berreskuratzera" joan da AEK-ra. “Pozik nago, dagoeneko lotsa kentzen ari naiz”. Zelaiak txikitan euskara bazekien, baina 10 eta 14 urte bitartean fraidetan ikasi zuen eta han ahaztu zuen. Lagunekin, gainera, beti gaztelaniaz hizketatzen da. Dagoeneko hirugarren aldia du euskaltegirako bidea hartu duena. "Lotsa eta urduritasuna kentzen ari naiz, gogorra baita". Zubiria urdindarra da eta bere gurasoek gaztelaniaz ez zekiten, baina ez zioten euskara transmititu. "Haien artean euskaraz hitz egiten zuten anaia eta biok ez ulertzeko. Anaiak itzultzeko eskatzen zidan". Euskaltegian sartu eta atera ibili da, batzuetan lanagatik utzi behar izan zuen ikasketak. Baina berriro heldu die.
Zergatik euskara ikasi
Euskaltegian izena ematera zer bulkatu dituen galdetuta, Zubiriak euskara jakitea nahi duela adierazi du. Irakurtzea ere motibazioa da, "nahiz eta zailagoa den". Zubiriak beste arrazoi bat ere eman du euskara ikasteko: "burmuina martxan mantentzeko. Hori oso garrantzitsua da". Zelaiak euskara ikastea du helburu, baita ohitura berriak hartzea, jendea eta giro desberdinak ezagutzea eta burua lantzea ere. Imazi "pena" ematen zion euskara guztia ahaztea. "Erronka handia da. Ingelesa dago, etxean ikas dezakezu. Baina euskararekin ez da berdina, ikasi nahi izanez gero hona etorri behar duzu".
Aldasorok, Zubiriak bezala, euskaraz ondo hitz egin nahi du. Eta irakurri, eta burua argi izan. "Dena pakete berean dago". Errazkinek, berriz, "batez ere" alabekin eta ilobekin euskara hitz egin nahi du. Bere ingurua ia erabat erdalduna dela jakinarazi du. Martinez de Eulate Oteizakoa da eta Donostian zituen lankideen bidez euskal kantak ezagutu zituen, eta Mikel Laboa eta besteren kantak itzultzeko eskatzen ibiltzen zen. "Beti barruan gordeta nuen. Hona bizitzera etorri, seme-alabak ikastolara eraman eta pixka bat ikasten hasi nintzen. Baina lana, etxea... ez nuen denborarik". Jubilatu denean jo du euskaltegira. Euskaraz hitz egiteko joera eta jarrera du: "ez daukat lotsarik, pixka bat ausarta naiz. Batzuetan aditzak nahasten ditut". Euskara ikastea bere betidaniko ametsa izan dela nabarmendu du. Garisoainendako euskara "gainditu gabeko ikasgaia izan da beti. Euskaraz ari den jendea entzuteak inbidia handia ematen dit", aitortu du.
Euskara praktikatzeaz
Klaseko kide guztiek euskara ikasteko bide bera erabili dute: euskaltegia. Ez dira barnetegietara joan eta ez dituzte, esaterako, online ikastaroak edo ikastaro trinkoak egin. Euskaltegian poliki hitz egiten dute euskaraz, baina handik kanpo horretarako aukerarik baduten jakin nahi izan dugu. Zubiriak azaldu duenez, koadrilako batzuekin euskaraz hitz egiten du. "Gehiago posible litzateke, baina tira". Zelaia okindegian eta koadrilako lagun batekin hizketatzen da euskaraz. Udalean zinegotzia da eta han bi hizkuntzatan hitz egiten hasi da. Imazek aitortu duenez, koadrilan ez dute euskaraz hitz egiteko ohiturarik, "eta badakite euskara, baina..." Batzuek besteek baino gehiago dakite "etxean hitz egiten dutelako. Besteek ez, eta kalean aritzea zaila da".
Aldasorok, berriz, seme-alabekin "pixka bat" hitz egiten du. Anaiek euskaraz hitz egiten dute, baina berak ez du ohitura hori. Hala ere, "pixkanaka-pixkanaka" hasiko dela ziurtatu du. Errazkinek alabarekin hitz egiten du euskaraz. Noizean behin tabernan. Martinez de Eulatek etxean pixka bat hitz egiten du. Gaineratu duenez, "kalean norbait ezagutu eta euskara baldin badaki, berarekin ere hitz egiten dut". Gainera, Mintzakide taldean praktikatzen du euskara. Mintzapraktika taldean "oso gustura" dago, "hasieran ordu bat egoten ginen, baina, orain, egun batzuetan bi ordu edo bi ordu eta erdi ere egoten gara". Garisoain ere Mintzakide talde batean dago. Han "oso pozik" dago, "giro oso ona dago. Lauzpabost elkartzen gara, kafetxo batekin". Garisoainek jakinarazi duenez, kalean gutxi hitz egiten du, baina klasean tratua dute eta hura "zorrotz" betetzen du. Klase kideek gaineratu dutenez, ETB1 ikusten dute. “Irratian oso azkar hitz egiten dute”, aitortu digute.
Garisoainek azaldu duenez, koadrilan batzuk badakite euskara, "baina gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hartuta daukagu". Tarteka esaldiren bat partekatzen dute. Dendetan eta tabernetan ere hitz egiten du. "Baina normalean, erdaraz". Errazkinen eta Martinez de Eulateren lagunak erdaldunak dira. Beraz, beste pertsona batzuekin hitz egiten dute euskaraz. Ikaskideek Imazi proposatu diote lagunekin egun bat jartzeko euskaraz hitz egiteko. Pintxo pote garaia izan daitekeela gaineratu dute. Zelaiak inguruko euskaldunei berari gehiago hitz egiteko eskatzen die, baita hitzak sartzeko, egunero ohiturak hartzeko. Zubiriaren lagunak behin baino gehiagotan hitz egiten dute, eta berari ere hitz egiten diote. "Badakite agian ez dudala ongi erantzungo, baina dena ulertzen dudala". Nabari dela esan du. Euskaraldian parte hartu izan dute, eta heldu den udaberrian ere jarriko dute txapa.