Korrika Urritzola Arakildik pasa edo ez, herriak kilometro bat erosten duela esan du Naiara Mariñelarena urritzolarrak. Hogei bat biztanle ditu, eta "ilusio handiarekin" parte hartzen dute euskararen aldeko lasterketan. "Euskararen alde gaude eta herriak bere aletxoa jarri nahi du". Duela 30 bat urteko ohitura bat mantendu dute aurten ere.
"Euskararen alde gaude eta Urritzola herriak bere aletxoa jarri nahi du"
"Ilusio handia egiten digu Korrika Urritzolatik pasatzeak. Bitan pasatu da, eta ilusio handiarekin hartu dugu, suziriak eta guzti bota genituen". Azken urtean, 2022ko 22. Korrikan, gainera, "suziriez gainera elurra ere egin zuen, eta gero komeriak izan ziren aldapan gora mugitzeko!". Gogoratu du, barrezka, Mariñelarenak. Korrikako furgonetan elurretan eta arakildarrak bultzatzen bideoa birala izan zen. "Ea gehiagotan pasatzen den, gu hor prest egongo gara".
Hala ere, herritik pasa edo ez, urritzolarrak ez dira oharkabean pasatzen, pankarta eta guzti egiten dute Korrikan. Zer da Korrika urritzolarrendako? "Korrika euskaldun guztiak batzen gaituen esperientzia da, sentimenduz eta emozioz betetakoa".
Korrikarako ez omen dute entrenatu urritzolarrek. Mariñelarena, gainera, orain dela gutxi ama izan da bigarren aldiz, eta ezin du oraindik korrika egin: "Baina Korrika egunean... ezin etxean egon korrika egin gabe. Nahiz eta ez entrenatu, egunean bertan, Korrikak egiten duen ilusiogatik edo, indarrak ateratzen dira normalean korrika egiten duzuna baino gehiago egiteko".
1212 kilometroan eraman zuten urritzolarrek lekukoa, Satrustegi aurretik ia Zuhatzuraino. Nirak, bere alabak, kilometro erdia eraman zuen. "Ilusio handia egiten zigun. Bi urte ditu, beraz, aulkitxoan joan zen nire bikotekideak aulkitxoa bultzatzen zuela. Pozpozik eraman zuen". Beste kilometro erdia Sarak eraman zuen, "duela urte eta erdi Urritzolara bizitzera etorritako neska bat".
"Aurten fisikoki oso gaizki joan da, haurrak beraien aulkitxoetan eraman genituen, eta esfortzu handiagoa zen... Gainera kilometroa aldapan gora zen!". Mariñelarenak ezin izan zuen kilometroa bukatu, "baina beste urritzolarrek kilometro osoa egin zuten". Normalean kilometro bat baino gehiago egiten dutela esan du, "baina aurten gure kilometroa egin eta guztiok Urritzolara joan ginen elkartean hamaiketakoa geneukalako".