Pilota

Bakaikoa bidean gelditu da, eta Zabaleta final laurdenetan dago

Guaixe 2024ko api. 8a, 10:45
Binakako bere bosgarren txapela irabazita, une gozoan jarraitzen du Zabaletak. EITB

Buruz Buruko final zortzirenak erabakita, Ezkurdia eta Zabaleta dira final laurdenen ligaxka jokatuko duten ordezkari sakandarrak

Etxeberriak eta Zabaletak final ikusgarrian Altuna eta Martija 22 eta 20 irabazi eta Binakako txapela jantzi bezain pronto jarri zen martxan 2024ko Buruz Buruko Txapelketa. Egunotan final zortzirenak jokatu dira, eta txanponaren bi aldeak ikusi ditugu. Batetik, Unai Lasok 22 eta 9 hartu zuen mendean Joanes Bakaikoa etxarriarra apirilaren 6an Labriten jokatutako partidan. Lasok goitik behera kontrolatu zuen partida, eta Bakaikoa ezinean aritu zen. 19 eta 2 aurreratu zen Laso. Partida bukaeran etxarriarrak markagailua makillatzeko aukera izan zuen, baina porrot gogorra jaso zuen eta, tamalez, txapelketatik kanpo geratu zen. 

Apirilaren 7an, Zumaian, Zabaletak Jaka izan zuen aurkari. Zabaletaren parte hartzea sorpresa izan da, hasieran Peio Etxeberria aritzekoa baitzen, baina enpresak Etxeberriaren ordez Zabaletak parte hartuko zuela erabaki zuen azken orduan, enpresa erabakia zela argudiatuz, eta Zabaletak aitortu zuen erabakia ez zitzaiola betera gustatu. Bera izango da txapelketan parte hartzen ari den atzelari bakarra. Nolanahi ere, Jose Javier Zabaletak erakutsi zuen une oso gozoan dagoela, 22-15 irabazi baitzion Erik Jakari. Partida takadaka jokatu zen, sakea zuen pilotariak agintzen zuela. Hasieran 7-0 aurreratu zen Zabaleta, baina Jakak sakea berreskuratu eta gero, 7-10 irauli zuen markagailua. Zabaletak sakea berreskuratu zuenean ere aldea atera zuen, eta sakea arma garrantzitsua izan zuen. 12 tantoko takada egin zuen, eta nahiz eta Jakak sakea berreskuratu, ezin izan zion partidari buelta eman. 22-15 irabazita, Zabaleta merezimendu osoz dago Buruz Buruko final laurdenetan, “gutxienez beste hiru partida jokatzeko gogoz”. Gustura azaldu zen partida bukaeran. “Ikusi da berak sakea zuenean zalantza askorekin ibili naizela errestatzeko garaian, eta hor ibili naiz kili-kolo, baina bestela gustura aritu naiz”.

Final laurdenak
A multzoa Dariok, Altuna III.ak, Lasok eta Zabaletak osatzen dute, eta B multzoa, aldiz, Elordik, Zabalak, Ezkurdiak eta Artolak. Ligaxkako lehen jardunaldian Ezkurdiak Artola izango du aurkari apirilaren 14an, igandea, Eibarren. Elordi Zabalaren kontra lehiatuko da, apirilaren 12an Gasteizen. A multzoari dagokionez, Zabaletak Darioren kontra jokatuko du apirilaren 13an Labriten, eta altuna III.aren kontra lehiatuko da Laso apirilaren 21ean Bilbon.