Nafarroako Eraldaketa Komunitarioko Bulegoetarako teknikariak behar dira

Guaixe 2024ko api. 11a, 13:29

Eguzki plakak Irurtzungo lantegi batean, eta argindar dorrea. ARTXIBOA

Energia trantsizioaren arloan lan eginen duten sei teknikariren bila dabil Nasuvinsa enpresa publikoa. Haietako batek Sakanan lan eginen du. Eraldaketa Komunitarioko Bulegoetatik autokontsumo partekatua eta energia komunitateak sortzea bulkatuko da.

Nafarroan Eraldaketa komunitarioko bulegoetarako sarea (Vikena) sortuko da, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Estatuko Institutuak (IDAE) proposamena onartu ondoren. Proiektua Nafarroako Gobernuak gidatuko du, baina sei lurralde erakunderen lankidetzan ariko da. Azken horien artean daude Cederna-Garalur eta Sakanako Garapen Agentzia. Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak sei izanen dira, Nafarroan barna egonen direnak, haietako bat Sakanan. 

Gune horietatik autokontsumo partekatua eta energia komunitateak sortzea bultzatu nahi da, pertsonei gizarte jasangarriago, solidarioago eta bidezkoago baterantz laguntzeko. Horretarako, bulego horietatik autokontsumoko proiektuak eta energia komunitateak sustatzen dituztenei laguntza eta aholkuak emanen dizkiete, ibili beharreko bide hori errazagoa izan dadin eta horiek eratzen eta inplementatzen jarrai dezaten. Lana toki erakundeei, herritarrei eta enpresa txikiei eta ertainei laguntzea izanen da, horien energia subiranotasuna indartzeko.

Nasuvinsak hainbat lan eskaintza jarri ditu abian, EKBetako lanpostuak betetze aldera. Zehazki, honakoen bila dabil: Ingeniaritzako, Arkitekturako, Ingurumen Zientzietako edo antzeko unibertsitate-prestakuntzako profil profesionala duten pertsonak. Eskatzen du energiaren arloan bi urteko esperientzia izatea. Gainera, baloratuko du: energia komunitateak, autokontsumoa, merkatu elektrikoa, energia eraginkortasuna, energia berriztagarriak ezagutzea. Teknikariek herritarrei arreta eman beharko dietenez, izangaiei baliagarria izanen zaien herritarrekin eta toki erakundeekin hartu-emanetarako erraztasuna izatea. Azkenik, Nasuvinsak baloratu eginen du lurralde animazioaren eta dinamizazioaren edota parte hartze publikoaren arloan prestakuntza teknikoa edo graduondokoa izatea. Trukean Nasuvinsak eskaintzen du lanaldi osoko lana eta aldi baterako lan kontratua, kontratu mugagabe bihurtzeko aukerarekin. Deialdiari buruzko argibideak vikena.es webgunean daude.