Pilota

Buruz burukoak ikusmin handia piztu du

Guaixe 2024ko api. 12a, 12:39

Ezkurdia eta Artola, material aukeraketan. ASPEPELOTA.EUS

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako lehendabiziko jardunaldian, Zabaletak Dario izango du aurkari, eta Ezkurdiak Artola. Zabaletak itxura ona eman nahi du txapelketan, eta Zabaletak falta zaion txapelagatik borrokatu nahi du

Binakako final ikusgarriko oihartzunak itzali gabe zeudela abiatu zen Buruz Buruko Txapelketa. Joan zen asteburuan final zortzirenak jokatu ziren eta Peña II.a, Urrutikoetxea, Jaka eta Joanes Bakaikoa etxarriarra geratu ziren txapelketatik kanpo. Lasok 9 tantotan utzi zuen Bakaikoa, eta Binakako txapeldun Zabaletak 22-15 irabazi zion Jakari. 

Zabaleta eta Ezkurdia
Zabaleta da Buruz Burukoa jokatzen ari den atzelari bakarra. Final laurdenetako ligaxkako A multzoan dago, Dario, Altuna eta Laso pilotariekin. B multzoa ere indartsua da: Elordi, Zabala, Ezkurdia eta Artola. Asteburuan lehen jardunaldia dago jokoan. 

Zabaletak Darioren kontra jokatuko du larunbatean Labriten. Binakako txapela jantzi berri, une bikainean dago etxarrendarra. Eskuko minarengatik bi hilabete jokatu gabe egon da Dario, eta itzulerarekin gogotsu dago. Beraz, Zabaletak ez du lan erraza izango, baina etxarrendarra arerio arriskutsua da. Buruz buruko txapelduna izandako Jaka irabaztetik dator. Sakearekin min handia egin zuen, eta pilota kolpe onarekin dago. Partidaren ekimena hartzen badu, arerio latza izango da Dariorendako. Sakea izango da bere gakoa, eta Dario errebotean mantendu nahi izango du, bere jo luzearekin mina egiteko.  

Bestalde, Ezkurdiak Artola izango du aurkari igandean Astelenan. Buruz Buruko txapela da Ezkurdiak falta duen bakarra. 2022an Lasoren kontrako finala galdu zuen, eta joan zen urtean finalerdietan galdu zuen, Altunaren kontra. Arbizuarrak mimoz prestatu du Buruz Burukoa, txapel horren borrokan egon nahi duelako. Artolaren kontra lehen aldiz lehiatuko da Buruz Burukoan. "Ilusioz nago. Entrenamenduetan ongi ikusi dut neure burua eta sentsazioak onak dira. Baina konfiantzaz beteta dagoen aurkaria dut, eta partida gogorra izango da. Artolak ongi sakatzen du, eta errestoaren ondoko bigarren pilotakada ezinbestekoa da Buruz Burukoan. Hor Iñakik min handia egiten du eskuinarekin. Beraz, lehia gogorra izango da" azaldu du Ezkurdiak.