Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak, Irurtzungo eta Arakilgo Udalek, Sakana Harrera Haranak, Irurtzungo Emakume Taldeak eta zenbait eragilek Kulturen Arteko Elkartasun Zikloa antolatu dute Irurtzunen. Elkartasun azokarekin hasiera emanen diote, apirilaren 13an, larunbata, 11:00etatik 14:00etaera, Irurtzungo Kulturen arteko elkartasun zikloari. Azokaren antolakuntzan Margarita Giorgievak parte hartu du, eta hainbat astez lan handia egin dutela jendeak emandakoak jasotzen, sailkatzen eta Arakilgo Udalak utzitako lokal batean gordetzen. Haur, gazte eta helduendako arropa, jostailuak, liburuak, bitxiak eta hainbat gauza gehiago egonen dira salgai. Azoka ez ezik, zenbait txoko izanen dira: musikaren eta dantzaren txokoak, salmenta txokoa, hausnarketa txokoa eta pintxoen txokoa izanen dira. 12:00eta jolas kooperatiboak eginen dituzte ere. Azoka Irurtzungo Foru plazan izanen da.
Zikloak Satrustegin izanen du segida maiatzaren 17an, ostirala, 17:00etan. Herriko sendabelarrak ezagutzeko aukera izanen da; Celia satrustegiarrak bertako sendabelarrak ezagutzeko bisita gidatua eginen du, baita hauek nola prozesatu behar diren azaldu du ere. Satrustegiko sendabelarrak ezagutzen ekimenean parte hartzeko izena eman behar da arakilkultura@gmail.com helbidera idatziz edo 634 584 226 telefono zenbakira hots eginez.
Kulturen arteko elkatasuna ehuntzen ekimena maiatzaren 18an, larunbata, 12:00etan, Irurtzunen eginen da. Aurreko urteko esperientzia "baikor bat" jarraituz, azaldu du Bego Zestao Anitzartean zerbitzuko teknikariak, Irurtzungo jostunen topaketa eginen dute. Euskal kulturarekin zerikusia duten hainbat jantzi josiko dituzte, eta horiek Atakondoa eskola publikora bideratuko dira. Topaketa Foru plazan izanen da; eguraldi txarrarekin Barazkigunen.
Elkartasun zikloa klasiko batek despedituko du: Munduko Arrozak. Garagartzaroaren 1ean, larunbata, izanen da, 10:00etatik aurrera, Irurtzungo plazan.