Buruz Buruko final laurdenetako lehen jardunaldia ez da ona izan pilotari sakandarrendako. Zabaletak Dario izan zuen aurkari apirilaren 13an, larunbata, Labriten. Eskuko minagatik bi hilabete baino gehiago jokatu gabe zeramatzan errioxarrak, eta itzulera gozoa egin du, garaipenarekin. Dariok partidaren lehen zatian lortutako abantailari esker lortu zuen lehen puntua eskuratzea. Hori bai, bukaeran ederki sufrituta, Zabaletak ia buelta eman ziolako.
Sake eta erremateari esker, erritmoari esker eta Zabaleta mugiaraziz 3-14 aurreratu zen Dario, partida hasieran ia frontoian galduta zegoen Zabaletaren aurrean. Baina Dariok sakez falta egin zuen, Etxarrengo atzelariak sakea berreskuratu zuen eta partida goitik behera aldatu zen. Zabaleta agintzen hasi, eta 14-17 gerturatu zen. Partida iraultzear egon zen Zabaleta, baina Dariok nola edo ahala eutsi zion, eta, azkenean, izugarri sufrituz, 17-22 gailendu zen.
Apirilaren 14an, igandea, Beotibarrek Ezkurdiaren eta Artolaren arteko lehia hartu zuen. Biek elkarri opariak egin zizkioten partidaren lehen tantoetan, baina Iñaki Artolari hasieratik ikusi zitzaion garaipena lortzeko garra. Ezkurdiari, aldiz, gehiago kosta zitzaion, eta opari gehiago egin zituen. Bere mailatik behera ibili zen. 13-7 aurreratu zen Artola. Ezkurdia 13-10 hurbildu zitzaion, baina akatsa egin zuen, kanpora zihoalakoan pilota pasatzen utzita, eta sakea berreskuratuta min handia egin zuen Artolak. Sake errematearekin ere fin ibili zen Artola, eta baita piloteoan ere. Horrela, azkenean, 22ra joan zen zuzenean, 22-10 irabaziz. Gipuzkoarra oso nagusi izan zen. Partida bukaeran, burumakur zegoen Ezkurdia. “Denetik pasatu da. Opari asko egin ditut, eta Iñakik asko eman du. Txisparekin ikusten naiz, hori da txarra, txisparekin ikusi eta halako partida jokatzea, baina beno, burua altxatu eta bigarren jardunaldian hil ala bizi atera beharko gara”.
Datorrena, ikusgarria
Buruz Buruko lehen jardunaldia apirilaren 21ean despedituko da, Altuna III.ak eta Lasok Bilbon jokatuko duten partidarekin. Berehala bigarren jardunaldia hasiko da. Asteburuan A multzoko bi partidak jokatuko dira: apirilaren 19an, ostirala, Elordik Artola izango du aurkari, A multzoko bi irabazleak, hain zuzen ere. A multzoko galtzaileek, Ezkurdiak eta Zabalak, apirilaren 20an jokatuko dute Labriten. B multzoko bigarren jardunaldia apirilaren azken asteburuan jokatuko da.