Adingabe bati sexu ukituak egiteagatik kartzelara

Guaixe 2024ko api. 16a, 13:36
Sexu erasoak salatzeko kontzentrazio bat. ARTXIBOA

33 urteko gizonezko bati bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jarri diote, 13 urteko adingabe bati sexu ukituak egiteagatik zigortuta. Aldeek arkodioa adostu dute.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak Lehen Sekzioak 2 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati 13 urteko adingabe bati baimenik gabe sexu-ukituak eta ekintzak egiteagatik. Han jaso denez, auzipetuak "etengabe besarkatzen zuen, ilea usaintzen zion, izterrak eta hankak ukitzen zizkion, lepoan musu ematen zion, zurrupatu eta aurpegia miazkatzen zion".

Fiskaltza, akusazio partikularra eta defentsa akordio batera iritsi dira, eta horren ondoren emandako epaian onartu da auzipetuak zirkunstantzia aringarriak dituela; izan ere, epaiketa baino lehen 3.000 euroko erantzukizun zibila ezarri zitzaion zigor gisa eta alkoholaren eraginpean egotea onartu zioten. 33 urteko auzipetuak ezingo du biktimarekin hitz egin, ezta harengana hurbildu ere, 200 metro baino gutxiagora, 5 urtez, eta zaintzapeko askatasunaren beste 5 neurri bete beharko ditu.

Gertaera
Bi familiek harreman handia zuten eta aisia-uneak partekatzen zituzten. Izan ere, zigortutakoak "bere osaba balitz bezala" jokatzen zuen biktimarekin, "aitaren lagun baten moduan". Epaiak frogatutzat jo du ordutik aurrera akusatuak "onartu gabeko sexu ukituak eta ekintzak" egin zizkiola.

2023ko apirilaren 30ean, herrian paseatzen ari zirela, gizonezkoak nerabeari esan zion harekin sexu harremanak izan nahi zituela. Maiatzaren 6an, telefono bidez proposamen bera egin zion berriro. Biktimaren aitak salaketa jarri zuen lau egun geroago. Gertakari horien ondorioz, adingabeak "antsietate handia du, nerbio-tentsioa, dardarak, loaren alterazioa, zaintza portaerak eta bere pentsamenduaren okupazioa, beldurraren eta kezkaren edukiekin".

Ebazpen judizialak jasotzen duenez, fiskalak ez dio uko egiten espetxeratzea eteteko eskaerari, baldin eta auzitegi medikuak txosten bat egiten badu eta adierazten badu akusatuak alkoholaren kontsumo patologikoko arazoa duela eta horretarako mendekotasuna gainditzeko tratamendu egokia egiten ari zaiola.

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.

Erlazionatuak