Futbola

Zelai Berriko derbiko puntuak Lakuntzan geratu ziren

Guaixe 2024ko api. 17a, 11:20

Lagun Arteakoak, gola ospatzen.

Gizonen Erregional mailako 25. jardunaldian lehia bizia izan zuten Lagun Arteak eta Etxarrik, baina lakuntzarrak gailendu ziren

Gizonezkoen Erregional mailan 25. jardunaldiak Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen derbia ekarri zuen. Derbia Lakuntzan jokatu zen, Zelai Berrin, larunbat goizean, eguzkiak gogoz berotzen zuela. Bi taldeek asko zuten jokoan, eta lehia bizi-bizi hasi zen. Lagun Artea Etxarriren atera hurbildu zen hasieratik, eta 15. minutuan Iker Anduezak Jon Salinasek defendatzen zuen atea zulatzea lortu zuen, Lagun Artea 1-0 aurreratuz. Bi taldeek erasoan jaso zuten: etxekoek, alde gehiago atera eta garaipena sendotzeko, eta etxarriarrek partidari buelta emateko, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Erregional mailako sailkapenak estu-estu jarraitzen du. Mutilvera C taldeak eusten dio lidergoari (52 puntu), puntu batera Etxarri Aranatz (51 puntu) eta bi puntura San Jorge (50 puntu) dituela. Datorren jardunaldian, Etxarri Aranatzek sailkapenean hamalaugarren eta azken aurrekoa den Arga Ibaia taldea hartuko du apirilaren 20an, larunbata, 17:00etan. Lagun Arteak, aldiz, Iruñean jokatuko du apirilaren 21ean, igandea, sailkapenean hirugarren eta Etxarri Aranatzen arerio den San Jorge taldearen kontra, 17:00etan.