Euskararen aldeko edozein aldarrikapen egin nahi duten sakandarrei Harrotze Astean parte hartzeko deialdia egin diete Euskal Herrian Euskaraz eragileko euskaltzaleko kideek. Materiala behar izanez gero, haiek emateko prest daude. June Bengoetxea, Nerea Mazkiaran eta Maialen Pelaez EHEko kideak izan dira astearen berri eman dutenak.
Zergatik Euskaldunen Harrotze astea?
June. Hasteko, Korrikako leloa atera zenerako guk, jada, gure leloa pentsatua genuen. Hala ere, ez da kasualitatea. Berriz ere argi ikusi dugu beharra dagoela Euskal Herrian euskaldun izatea edo euskaraz hitz egiteaz harro gaudela adieraztea. Harro ez harroputzetik, baizik eta harrotasunez bizi behar dugula euskaldunak garela, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula. Harro gaudela euskaraz bizitzeaz, eta hori kalera eraman nahi dugu. Lelo horrekin kaleak berreskuratu nahi ditugu.
Zergatik egon behar du kalean euskararen aldeko borroka horrek?
Maialen. Ikusi dugula euskararen borroka, euskara presente dagoela hainbat data jakinetan, esaterako: Korrika pasatzen den bitartean edo Euskararen Egunean, abenduan. Urtean zehar borroka hori edo euskaraz bizitzeko nahi hori pixka bat ahazten zaigu. Uste dugu garrantzitsua dela berriz kalera eramatea eta erakustea euskaraz bizi nahi dugula; harrotasunez, Junek esan bezala.
Jendartean euskararekiko tentsio pixka bat galdu da eta dena instituzionalizatuta gelditu da?
J. Bai, hor dago, pixka bat, gakoa. Asko "erakundetu" gara. Edukazioaren atzean, gure eskubide aldarrikapenak beti gelditu dira oso apal eta, azkenaldian, guk ere gure eskubideak ere ez ditugu sinesten. Astearen helburua da: gure eskubideak argiak dira, eskubidea dugu euskaraz bizitzeko, eta kalera indar gehiagoz aterako gara esateko: hemen gaude eta egongo gara. EHEk euskalduna den edonori egin dio deialdia, irekia da. Pertsona edo talde horrek euskararen aldeko aldarrikapen bat egiteko deialdia da. Izan daiteke: mediku euskalduna eskatzea, euskararen normalizazioaren borrokan jarraitzea eta abar. Plaza ireki bat bezala planteatu da, bakoitzak bere txikitasunetik egin dezake aldarrikapen bat. Nazio ikuspegiari kohesioa emateko bost aldarrikapen nagusi egonen dira, baina tokian toki aldarrikapen guztiak barne bilduko ditu Harrotze Asteak. Helburua ere bada tokiko borroka horiei indarra ematea eta Harrotze Astean aldarrikapen batzuk abiarazten badira, horiei jarraipena ematea urtean zehar.
Zein dira bost aldarrikapen nagusi horiek?
J. Ofizialtasunaren eta euskarara errepublikaren beharra mahai gainean jarriko dira lehentasunez. Eta besteak aurrerago etorriko dira.
Sakanarako halako aldarrikapenak badituzue?
Nerea. Ideia da Sakanako aste osoko egitarau bat egitea, eta herri bakoitzak bere ekintza nagusia egin dezala. Antolatzeko, hori komunikatzen ibili gara.
J. Saiatu gara herri guztietara iristen eta herri bakoitzak zerbaitean parte hartzea. Gutxienez, hizkuntza paisaian borroka egitea, edo gazteleraz dauden errotuluetan, "euskaraz" pegatinak jartzera animatu dugu jendea. Sakandarrak aste horretan zehar hizkuntza paisaian indar egitera gonbidatzen ditugu.
N. Ziordian talde argazkia eginen dute; Urdiaingo gazte asanbladak Bizkarsoro filmaren emanaldia prestatu du; Iñigo Aritza ikastolak plazan jolasak antolatu ditu. Arbizuko eskolak ikasleekin aste osoko dinamika eginen du, eta AEK-k ikasleekin ere. Altsasun kultura euskaraz aldarrikapena eginen dugu. Kultura eskaintza handia dago, baina gehiena gaztelaniaz da, eta askotan euskaraz izan zitezkeen emanaldiak gaztelaniaz ematen dira. Orduan gure ekintza nagusiak zehazten dira kultura euskaraz aldarrikapenean. Mosaikoa moduko bat egin nahi dugu, irudikatzeko zenbat ekintza egiten diren gaztelaniaz eta euskaraz.
Hizkuntza paisaian eragiteko pegatinak aipatu dituzue. Horiek jendearen eskura jarriko dituzue?
M. Bai, herrietan banaketa egingo dugu.
J. Nahi duenak eska ditzala, bestela edozer gauzak balio dezake gaur egun.
M. Bere garaian EHEk Ezabaketa Astea egiten zuen, eta hortik heldu da hau guztia. Baina buelta eman nahi izan zaio pixka bat, garai berriei egokitzeko. Ez da bakarrik ezabaketa astea, hori ere ekintza garrantzitsu bat izango da hori astearen barruan, hizkuntza paisaia arrotza ezabatzea. Baina zabaldu dugu edonork parte hartu dezakeela bere aldarrikapenarekin, bere herrian pentsatzen duena aldarrikatuz, astea probestuz. Lehen esandakoaren haritik, Harrotze Astea aurkeztu dugu. Baina horrek ez du esan nahi aste horretan bakarrik eraman behar dugula borroka hau kalera, baizik indarra hartzea: herrian zer behar dugun edo aldarrikatu nahi dugun identifikatu, goazen borroka horiek aste horretan hastera eta, aste hori abiapuntutzat hartuta, urte guztian aldarri hori lantzea. Harrotasuna ez dadila aste bateko kontua izan.
Eremu digitalak ezinbesteko presentzia du gaur egungo gizartean. Hor zer?
N. Euskararen aldeko edozein aldarrikapen egin edo edozein ekintza eginda, sare sozialetan zerbait elkarbanatu nahi badu, #EuskarazTaHarro traola erabiltzea aste horretan. Gure sare sozialetan hori mugitzen eta aldarrikatzen saiatuko gara. Jendeak lagun gaitzala gure aldarrikapen horiek saretzen.