Sakanako toki erakundeetako 30 buruk, hamalau alkatek eta hamasei lehendakarik, babesa adierazi diote Alternatibaren alde, herritarron hitza errespetatu lelopean Altsasun apirilaren 20an, larunbatean, eginen den manifestazioari. Mobilizazioari babesa emateko arrazoia da: "Abiadura Handiko Trenek (AHT) soilik erabiltzeko trenbide azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuaren aurrean, bada tren publiko eta sozial baterako benetako alternatiba bat, egungo trenbideak modernizatzea eta trenen maiztasuna handitzea proposatzen duena".
Gogorarazi dutenez, "joan den martxoan, Sakanako alkate eta hautetsi askok bat egin genuen Trenbidearen, lurraldearen eta herriaren borondatearen aldeko Manifestu Instituzionalarekin, eta atxikimendu horiek Nafarroako Gobernuari eta Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzari eman genizkion".
Adierazpena sinatu duten 30 alkate eta lehendakari sakandarrek nabarmendu dutenez, "gaur egungo klima aldaketaren testuinguruan, landa eremuetatik mugikortasun estrategiak planteatu behar ditugu lurralde horietako pertsonen eta produkzio sektoreen beharrei erantzuteko; besteak beste, trenaren erabilera sustatuz".