Eskalada

Gaztetxoak eskaladara hurbiltzeko ikastaroa, Sakanan

Guaixe 2024ko api. 25a, 13:30
Eskalatzen.

Mankomunitateak 8-12 urte bitartekoendako eskalada ikastaroa antolatu du maiatzaren 31tik ekainaren 2ra arte. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateak 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilendako eskalada ikastaroa antolatu du maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean, Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzaz. Hastapeneko ikastaroa da, eta helburua gaztetxoak eskaladara modu seguruan hurbiltzea da, haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lor ditzaten. Irakaslea Ion Gurutz Lazkoz Martinez arbizuarra da, eskalatzaile eta bide ekipatzaile ezaguna da. 

Ikastaroa maiatzaren 31n, ekainaren 1ean eta ekainaren 2an izango da. Ostiralean, 18:00etatik 20:00etara izango da, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, Lakuntzan. Alde teorikoa landuko da. Aldiz, ekainaren 1ean eta 2an, larunbata eta igandean, 10:00etatik 17:00etara praktikan trebatuko dira. Mank-eko egoitzan jarriko da hitzordua, eta autoak antolatuko dira. Jakina, eguneko bazkaria norberak eraman beharko du. 

Materialari dagokienez, arnesa, katuak eta kaskoa ekarri behar dira. Norbaitek ez badu, antolakuntzak utziko dizkio. 

Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 22ra arte, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 39 euro.