Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak onartu ditu Nafarroako Gobernuak. Horren berri ematerakoan Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskara kontseilari Ana Ollo Hualdek esan zuenez, "egun garrantzitsua da gizarte demokratikoago eta bidezkoago batean sinesten dugunondako".
Hedabideek zabaldu dutenez, aitortza jaso duten dozena bat biktima horien artean dago Mikel Arregi Marin lakuntzarra. Lagunekin herrira bueltan joaten zela haien autoa tirokatu zuten guardia civilek Etxarri Aranatzen eta hil egin zuten 1979ko azaroaren 11n (32 urte).
Euskalerria Irratiak jakinarazi duenez, aitortu duten beste biktima Jose Miguel (Josu) Imaz Prim altsasuarra da. 1981eko abenduaren 17an bonba paketea jaso zuen etxean eta 1983ko maiatzaren 13an autoan bonba jarri zioten. Bi kasuetan artezilariek zartarazi zituzten lehergailuak.
Legedian jasotako baldintzak betetzen ez zutelako, Etxarri Aranatzen 1976ko garagarrilaren 18an hildako bosten eskaera atzera bota du foru administrazioak. Hala jakinarazi du Diario de Noticiasek. Andia mendian militarrek maniobrak egiten zituzten eta han uzten zituzten jaurtitakoen hondarrak. Jendeak haiek jasotzen zituen, txatar gisa saltzeko. Han jasotako mortero bat zerabilela hil zen Saturnino Luis Erdozia (43 urte). Lehergaiaren metrailak harrapatuta hil ziren haren seme Jose Luis Luis Tabar (6 urte) eta hiru aldamen: Segundo Maiza Belza (71 urte), haren iloba Jesus Miguel Zeberio Maiza (11 urte) eta Gloria Pejenaute Pejenaute (58 urte).