Aurten Federacion Vasco Navarra de Alpinismok (FVNA) 100 urte beteko ditu. Mendeurrena ospatzeko Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak, Euskadiko Mendi Federazioarekin batera, egitarau zabala prestatu du 100 Betidanik Betiko lelopean. Tartean, apirilaren 28an, igandea, Euskal Herriko 100 mendi igoko dira, 100 urteak ospatzeko. Sakanako klubei dagokienez, Larrañetak Beriainera antolatu du irteera, Iratxok Ergara, eta Altsasuko Mendigoizaleak Dulantzera, Urbasan.
Altsasuko Mendigoizaleak 8:00etan bilduko dira egoitzan, eta 9:00etan abiatuko dute martxa, Urbasako Bardoitzako aterpetik. 11:00etan helduko dira Dulantzera, eta 12:00etan, eskainiko duten hamabietakoarekin batera, urteurreneko suziria jaurtiko dute.
Irurtzungo Iratxokoek asteburu potoloa dute, bezperan Sakanako Ibilaldia delako, baina apirilaren 28an Ergan bildu eta eguerdian FVNA zoriontzeko asmoa dute. Baita Etxarri Aranazko Larrañetakoek ere. 8:30ean Larrañeta elkartean bilduko dira, Beriainera jotzeko. Bertan talde argazkia ateratzeko asmoa dute.
Elgeta, bilgune
Maiatzaren 18an ekitaldi instituzionala egingo da Elgetan, egun horretan sortu baitzen ofizialki FVNA. Euskal Herriko mendizale guztiak ekitaldira gonbidatuta daude.