Euskarazko ikastaro teknikoak egiten dituztenendako dirulaguntzak

Guaixe 2024ko api. 26a, 11:16

Ikasleak euskaltegian ikasten. ARTXIBOA

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, atzera ere, ikasketa ofizialak eta arautuak ez diren ikastaro, jardunaldi, biltzar, mintegi edo gisakoetan parte hartu duten herritarrei dirulaguntza emateko deialdia egin du. Ibarreko erakundeak diruz lagunduko ditu joan zen urteko azaroaren 1etik aurtengo abenduaren 31ra bitarteko ikastaroen matrikulak. Beti ere, edozein gairi buruz euskaraz egindakoak badira, aisialdiko monitore edo zuzendari izateko euskarazko ikastaroak barne. Horiez aparte, euskararen edota hizkuntza gutxituen normalizazioarekin edo soziolinguistikarekin zerikusia dutenak ere lagunduko ditu. Laguntzatik kanpo geldituko dira egoitza eta kilometraje gastuak. 

Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, aurtengo abenduaren 31rako bukatuta ez dauden ikastaroen kasuan, gutxienez %80ko asistentzia eskatuko die parte hartzaileei data horretarako. Mank-ek deialdi horretarako 2.000 euroko poltsa du. Deialdiari buruzko informazio guztia sakana-mank.eus webgunean dago.