Maiatza jasotzea, Historiako oihartzunak

Guaixe 2024ko api. 30a, 14:00

Etxarriarrak maiatza bizkar gainean Hartzabalera eramaten. ARTXIBOA

Atzera ere, hainbat etxarriar, bakaikuar, iturmendiar eta ziordiarrek indarrak batu eta maiatzak jasoko dituzte maiatzaren lehenean. Baina agirietan jasoa dago ibarreko beste herri batzuetan ere maiatzak zutitzeko ohitura zegoela.

Europako hainbat herritan dago horrelako ohitura. Sakanan lau herri horietan ohiturari eusten diote, baina beste zenbaitetan ere izan zen zuhaitzak zutitzeko ohitura hori. Hala jaso du Rafael Carasatorre Vidaurre historia ikerlariak bere Documenta Navarra blogean. Carasatorrek artxiboetan jasotako dokumentuak daude blogean. Eta horietan begiratuz, aipatutako ibarreko lau herriez aparte beste lauetan ere jartzen zen maiatza. Gainera, ikerlari etxarriarrak bere sorlekuko maiatza jasotzeari buruzko agiriak ere azaleratu ditu. 

Hiriberri Arakil 
Ikerlari etxarriarrak azaleratu dituen agirietan Hiriberri Arakilgo maiatzari erreferentzia egiten dion dokumentu zaharrena 1567. urtekoa da. Herriko agintariek egindako kontuetan jaso zenez, "herri guztiaren aginduz menditik maiatza ekarri zen eta 11 tarja (txanpon mota) gastatu ziren". Ordainketa bera egin zuten hurrengo urtean. Hiriberriko Kontzejuko buru edo juratu Pedro Çubiría eta Joanes de Miguel Périz ziren. Maiatza eraman zenean lau erreal pagatu zituzten. Antza, maiatza zubitxoaren ondora eraman zuten. 

Bi urte geroago lau eta erdi ordaindu zituzten. Ordainketa zertarako ere argitzen dute 1609ko Hiriberri Arakilgo kontuek: ardo pegar edo kantaro bat. 1640an ardo kopuru beragatik sei erreal eta tarja bat ordaindu zituzten. Hurrengo urtean, nork daki ardo eskasiagatik-edo, zortzi erreal ordaindu zituzten. 1653ko kontuetan ardoagatik egindako ordainketaz aparte, gazteei bi ardo erreal eman zizkieten.

Herritar gehiago izanen ziren, edo kinkur handiagoa zuten, 1666an hiriberriarrek maiatza jasotzean pegar eta erdi edan baitzuten. Edo baliteke kontzejuaren ekonomiak hobera egitea. 1676an bi pegar ardo edan zituzten. Azkenik, 1690an ardo pedar bakarragatik ordaindu zuen kontzejuak. 

Ihabar 
Ikerlari etxarriarrak blogean argitaratutako agirietan baheketa eginda, ihebardarrek maiatza 1617an jaso zutela ageri da. Ardo pegar bat edan zuten eta harengatik kontzejuak hiru erreal eta erdi pagatu zituen. Joanes de Aldava eta Joanes de Irisarri ziren Ihabarko Kontzejuko juratuak. 1620an, maiatza herrira eraman zuten egunean, ardo pegar eta erdi edan zuten ihebardarrek. Harengatik Ihabarko Kontzejuak 7 erreal, tarja bat eta 8 kornado pagatu zituen. Ihabarko Kontzejuko juratuak Pedro de Yabar de Oliba eta Miguel de Huarte ziren.

Dauden 1681 urtera arteko kontuetan ageri denez, maiatza jaso zen egunetan ardo pegar bat edan zuten. Ordainketak lau erreal izatetik bost izatera pasa ziren. Aldaketa 1682an dago, orduan 20 pinta ardo edan zituzten eta. Ihabarko Kontzejuak hargatik zazpi erreal eta erdi pagatu zituen. Hurrengo erreferentzietan maiatza jasotzeko egunean ardo pegarra hustu zutela jasotzen da Ihabarko diru kontu zaharretan. Langintza horri buruzko atzeneko erreferentzia blogean 1753koa da. 

Irañeta 
Carasatorreren bloga bahetuta, Irañetan maiatza jasotzeari buruzko hiru data agertu dira. Aurrenekoa 1611koa. Maiatza jarri zen egunean ardo pegarra edan zuten irintarrek eta kontzejuak erreala ordaindu zuen harengatik. 1691ko Irañetako kontuetan edari eta diru kopuru bera ageri dira. Atzeneko erreferentzia 1724 urtekoa da. Irintar gizonezko gazteek maiatza herrira eraman zutenean Irañetako Kontzejuak ardo pegar erdia eman zien. Eta jaso zenean kontzejuak bi ardo pegar eta erdi banatu zituela ageri da kontu liburuetan.

Uharte Arakil 
Ikerlari etxarriarraren gure baheketan Uharte Arakilgo maiatzari erreferentzia egiten dioten bi data opatu ditugu. Lehendabizikoa 1581eko kontu liburukoa da. Han jaso zenez, maiatza ekartzera joan ziren gizonezko ubertear gazteei udalak ardo pegar erdia eman zien San Migel egunean (maiatzak 8) eta hark 10 tarja balio zituen. Eta, ondoren, maiatza ekarri zutenean pegar bat ardo eman zien, 14 tarja balio zituenak. 1582an, berriz, Uharte Arakilgo Udalak maiatza ekarri zutenei bi pegar ardo eman zien, 16 tarja balio izan zutenak. 

Etxarri Aranatz 
Sorterriko maiatzari buruzko erreferentziak ere jaso ditu Carasatorrek bere blogean. Aurrenekoa 1577ko ilbeltzaren 31koa da: “Pedro de Lacunza, gauez, Etxarri Aranazko alkatearen etxera joan zen, maiatza dagoen hiribilduko plazan. Juanes de Lizarraga etxarriarra ere maiatza dagoen plazarantz joan zen”. 

Etxarri Aranazko Udalak Juanes de Miguel de Echarriri bi dukat ordaindu zizkion maiatza ekartzeagatik 1587an. 1591ko kontuetan ere bi dukateko ordainketa jaso zen. 1606an eta 1607an "ohikoa zen moduan, maiatza ekarri eta jartzeko lanagatik udalak herriko gizonezko gazteei bi dukat ordaindu zien". 

1612. urtean "duten poz handia eta lanagatik", Etxarri Aranazko Udalak bi dukat ordaindu zien maiatza ekarri zuten gizonezko gazteei. "Mendialdeko hiribildu on eta tokietan ohitura hori dago. Ordainduko ez balitzaie maiatza ekartzeari utziko liokete, eta ospatzeari utziko lioke poz handia duen jendeak". 1619an, berriz, Domingo Lopezek esan zuenez, "usadio eta ohituraren arabera, poz handiarekin gizonezko gazteek maiatza ekartzen dute maiatzeko lehen egunean" eta bi dukat ordaintzen zaie. 80 urte zituen Miguel Lazcozek eta Miguel Martinezek aurrekoak esandakoa berretsi zuen. 

Erlazionatuak

Maiatzak gora!

Guaixe api 24