Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 17an, Nafarroako ekoizle txikien hamabi elkartek, Belardi barne, agerraldia egin zuten. Adierazi zutenez, sektoreak "muturreko" egoera bizitzen ari dira: "azken 20 urteotan Nafarroan nekazaritza sektorea erdira murriztu da". Azaldu zutenez, 14.000 ekoizpen baino gutxiago eta 2.300 nekazari baino gutxiago daude gaur egun. "Desagertze horrek, funtsean, gure ekoizpen ereduari eragin dio, hau da, ekoizpen txikienei, dibertsifikatuagoei eta lurraldeari lotuagoei. Esate baterako, agerian dago abeltzaintza estentsiboa eta artzaintza desagertzen ari direla eta, bien bitartean, makro ustiategien eredua etengabe hazten ari dela, batez ere esnetarako behietan, txerrietan eta hegaztietan, beti ukuiluan dauden animaliekin", adierazi zuten.
Jakinarazi zutenez, "ekoizpen eredu horrek ez gaitu elikatzen eta ez gaitu elikatuko etorkizunean". Elikadura subiranotasunaren alde egitearekin batera, larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Baluarte plazan eginen den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.