Asteburuan Gizonezkoen Erregional mailako 27. jardunaldia jokatu zen, eta jardunaldi borobila izan zen talde sakandarrendako. Etxarri Aranatz liderrak Rotxapea B izan zuen aurkari Iruñean, eta lehen minututik aurreratu zen liderra, Oihan Karasatorrek sartutako golari esker. Atsedenaldia baino lehen Xabier Ormazabalek eta Jon Erdoziak sartutako golekin, atseden hartzera 0-3ko abantailarekin joan zen Etxarri. Bigarren zatian partidak antzera jarraitu zuen, eta Joanes Mikeok eta Oihan Karasatorrek behin betiko 1-5a ezarri zuten markagailuan.
Lakuntzan Lagun Arteak sailkapenean hirugarren zen Mutilvera C taldea hartu zuen Zelai Berrin eta lakuntzarrek fabore ederra egin zioten Etxarri liderrari, Goiatz Mendinuetak, lehen zatian, eta Yonatan Monterok (2) bigarren zatian borobildutako ekintzekin 3-0 irabazi baitzuen Lagun Arteak.
Hurrena, maiatzaren lehenean
Etxarri Aranatzek jarraitzen du Erregional mailako lider (57 puntu), puntu batera San Jorge (56 puntu) eta 4 puntura Ardoi B eta Mutilvera C taldeak dituela. Maiatzaren 1ean, 17:00etan, Etxarri Aranatzek sailkapenean seigarren den Kirol Sport taldea hartuko du San Donato Zelaian, Lagun Artearen arerio zuzena. Lagun Arteak ere egun berean jokatuko du, baina goizeko 11:30ean, Zelai Berrin, sailkapenean hirugarren den Ardoi B taldearen kontra. Bi talde sakandarrek irabaziz gero, fabore ederra egingo liokete batak besteari.