Sindikatuendako eta eragile ugariendako gorriz markatutako eguna da maiatzaren lehena, hori dela eta hainbat deialdi egin dituzte Langileen Nazioarteko Egunerako.
LAB
Aurten Langile borroka zabaltzen. Eskubideak. Burujabetza. Eraldaketa leloa aukeratu du LABek. Adierazi dutenez, "herri langilearen alde, kapitalaren interesei aurre egiteko eremu guztietan lehiatu behar gara: lantokietan, kalean, baita instituzioetan ere". Gaineratu dutenez, "aldaketa politikoak bultzatzeko eragile aktibo izango gara, burujabetzaren aldeko borroka eta bizi baldintzen aldekoa banaezinak direlako". LABen manifestazioa Iruñeko Gaztelu plazatik 11:30ean abiatuko da. Anaitasuna kiroldegian despedituko da eta han 50. urteurreneko ospakizunak eginen ditu.
ELA
Maiatzaren Lehenari Antolatu, borrokatu, irabazi lelopean ekingo dio ELAk aurten. Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualendako ideia horiek "mezu argia eta zuzena" islatzen dute: "aldaketa soziala lortzeko posizio koherente bakarra patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politikoa, soziala eta sindikala da. Borroka horri ihes egitea langile klaseak behar dituen aldaketei ihes egitea da". ELAren manifestazioa Iruñeko Gurutze Plazatik 11:30ean abiatuko da.
UGT eta CCOO
Bi sindikatuek Enplegu osoa, lanaldia murriztea, soldatak hobetzea leloa aukeratu dute Langileen Egunerako. Erakundeek orain arte lortutako eskubideak defendatuko dituzte, eta lan eta gizarte erronka berrietan aurrera egiten jarraitzea aldarrikatuko dute, lan-kontratua babestuz, enpresa marjinak banatuz, soldatak handituz, lanaldia murriztuz eta langileak zainduz. UGTk eta CCOOk Iruñean duten egoitzatik abiatuko da manifestazioa 12:00etan.
CGT, CNT, ESK, Steilas eta Solidari
Langileen bost erakundeek Justizia sozialaren bidean, antolakuntza eta borroka! Leloa aukeratu dute maiatzaren lehenerako. Murrizketei eta pribatizazioei aurre egin eta bizitzak erdigunean jartzea aldarrikatuko dituzte. "Boteretsuei batere trabarik egiten ez dieten eta gero eta muturrerago dagoen eta desberdinagoa den mundu bat eraikitzen dutenetik urrun, langile klasearen aldeko neurri sendoak" aldarrikatuko dituzte. CGT-k, CNT-k, ESK-k, Steilasek, Solidarik eta hainbat gizarte eragilek deitutako manifestazioa Iruñeko baratxuri plazatik 12:00etan abiatuko da.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua
Sei urte baino gehiago darama Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua pentsio publiko duinak aldarrikatzen eta osasuna eta zerbitzu sozio-sanitario publiko eta unibertsalak lortzeko borrokan, baita aldarrikapen oinarrizkoak eta ezinbestekoak lortzeko ere, esaterako: soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea, soldatak eta pentsioak benetako Kontsumo Prezioen Indizearen arabera balioa handitzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, lan erreformak murriztea... Helburu horiekin antolatutako mobilizazio sindikaletan parte hartzera deitu du sindikatuak.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialista
EHKSk Badago alternatiba, langile boterea eraiki leloa aukeratu du maiatzaren lehenerako. Haren bidez adierazi nahi du "instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala dagoela, langile boterearen eraikuntza. Horretarako, enpresarien eta instituzio burgesen kontra doan antolakuntza independentea beharrezko aldagaia da". Horregatik, "militantzia eta antolakuntza komunistaren alde, estatu sozialistaren alde kalera ateratzeko" deia egin du. EHKSk deitutako manifestazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik 13:00etan abiatuko da.
Sasoia
Nafarroako jubilatu elkartetik adierazi dutenez, "erretiroa ez dela agur bat, kapitulu berri bat baizik". Sasoiakoek adierazi dutenez, "borrokek jarraitzen dute, gure ahotsa entzun egin behar da, justiziaren, berdintasunaren eta duintasunaren alde borrokatzen jarraitzen dugula. Gizarte honetan partaide garrantzitsuak izaten jarraitu behar dugu. Inoiz ez gara nekatuko soldata hobeak, pentsio hobeak eta zerbitzu publiko hobeak lortzeko borrokan". Pentsiodunak Nafarroan egiten diren manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte.
Jardun koordinadora
Jardun koordinadorak Euskal Herri Langilearen Alternatibatzat definitzen du bere burua, eta, jakina, Langileen Egunean kalera aterako da. "Langileon borrokaz Euskal Herri sozialista" lelopean manifestazioa deitu du maiatzaren lehenean, 13:00etan, Donostiako Bulebarrean.