Etxarri Aranatzek Kirol Sport taldea hartu zuen maiatzaren lehenean San Donato zelaian. Euria ari zuela jokatutako partidako lehen zatian bi taldeek lehia estua izan zuten, baina ez zuten kontrako atea zulatu. Gol festa bigarren zatian iritsi zen. Badirudi 53. minutuan Etxarri esnatu zela, eta bost gol sartu zituen segidan, bata bestearen atzetik, Kirol Sporti aukerarik eman gabe. Jon Erdozia, Aratz Mariñelarena, Oihan Karasatorre, Mikel Maiza eta Gorka Gonzalez izan ziren golegileak.
Aldiz, Lagun Arteak sailkapenean gora egiteko urrezko aukera alferrik galtzen utzi zuen maiatzaren lehenean goizean Ardoiren kontra Zelai Berrin jokatutako partidan. Zizurko taldea hirutan aurreratu zen, hirugarren postuari eusteko borrokan, baina Gorka Hernandezek eta Yonatan Davilak (2) hiruna berdintzea lortu zuten. Tamalez, 85. minutuan Julen Azparrenek Ardoiren laugarrena sartu zuen, eta nahiz eta Lagun Artea alde guztietara saiatu, 3-4 galdu zuten lakuntzarrek.
Garaipenari esker, Etxarri Aranatzek beste jardunaldi bat jarraitzen du lider (60), San Jorgeri, Ardoi B-ri eta Mutilvera C-ri 4 puntu aterata (56 puntu). Lagun Artea zortzigarren da (42 puntu). Maiatzaren 4an, larunbata, 16:00etan, Etxarri Aranatzek Beti Kozkor B taldearen kontra jokatuko du, Lekunberrin. Lagun Arteak ere egun berean jokatuko du, 18:00etan, sailkapenean azkena den Arga Ibaia taldearen kontra, Sanduzelain.