Txirrindularitza

Iker Gomezen asteko bigarrena

Guaixe 2024ko mai. 2a, 12:20

Iker Gomez, Goldaratzeko podiumean. UTZITAKOA

Apirilaren 27an Lazkaomendin garaile izan eta gero, maiatzaren 1ean Lacturale Trofeoa bereganatu zuen Quesos Albenizko txirrindulari altsasuarrak, denboraldiko bere laugarren garaipena lortuaz

Maiatzaren lehenean Lacturale Junior Trofeoa 2024 lasterketa jokatu zen, Etxeberriko Lacturale granjan hasi, eta Goldaratzen despeditu zena (89,10 km). Larunbatean Lazkaomendin garaipena lortzetik zetorren Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak (Quesos Albeniz) sekulako erakustaldia eman zuen atzera ere. Bere erritmo bizia ezarri, erasoa jo eta helmugara bakar-bakarrik iritsi zen, denboraldiko laugarren garaipena lortuaz (2:20:29). Iker Villar bigarrenari (Robert Innova) 1:21 atera zion. Lasterketa irabazteaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen Iker Gomezek. 

Bere taldekideei dagokienez, Eñaut Oiarbide hamaseigarren iritsi zen, 5:34ra; Ekaitz Perez 20., 7:11ra; eta Iker Begiristain 30., 9:58ra.