Odol emaileei aurpegia jarri diete

Guaixe 2024ko mai. 6a, 09:40

Adonak omendutako odol emaileetako batzuk Baluarteko eszena tokian. UTZITAKOA

Nafarroako 204 emailek, tartean hamahiru sakandarrek, aitortza jaso dute; bik ehun emateak gainditzeagatik eta hamaikak berrogeita hamar aldiak pasatzeagatik. Adona elkarteak odol emaile egiteko deialdia egin zuen.

Nafarroako Odol emailen Elkarteak, Adonak, ekitaldia egin zuen Iruñeko Baluarten apirilaren 28an. Ospakizun horren bidez joan zen urtean odola eman zuten guztien altruismoa eskertu zuten. Elkarteko presidente Anton Zubasti Madozek esan zuenez, "odol emateek bizitzaz hitz egiten duten historiak  kontatzen dituzte. Zuek beti beste pertsonen onena bilatu duzue. Odol poltsa bakoitzaren ibilbidea jakiterik bagenu, istorioen katea ikaragarria izanen litzateke, eta, jakin gabe, zuekin harremanetan izan ziren pertsonen penak eta pozak elkarri lotuko lirateke". 

Elkarteko buruak adierazi zuenez, haienak "positiboan ikus daitezkeen zenbaki gorriak dira. Adonak 67 urte daramatza jendarteari bizitzarekin konpromisoa eskatzen. Izandako erantzunaz oso harro gaude". Hala ere, Zubastik nabarmendu zuenez, "odola ematea ez da ohikoa; populazioaren %3ak besterik ez du egiten". Ekitaldian parte hartu zuen Fernando Dominguez Cunchillosek osasun kontseilariak esan zuenez, "odol ematea gure lurraren identitate ezaugarri bihurtu duten milaka nafarren lekukoa hartzera deitzen ditut belaunaldi berriak, lurraren identitate ezaugarri horiek hala segi dezaten". 

Sakanan odola emateko hurrengo hitzorduak honakoak dira: Etxarri Aranazko, osasun etxean, maiatzaren 7a eta 16an, 17:00etatik 21:00etara eta Olatzagutian garagarrilaren 17an, Sutegin, ordutegi berean. Odol emaile egin nahi duenak handik pasa daiteke. 

Aitortzak
Adonak 150, 100 eta 50 emateak gainditzeagatik 204 emaileri omenaldia egin zien. Sakandarrei dagokienez, odola ehun alditan baino gehiagotan emateagatik aitortza jaso zuten Ignacio Otsagabia Maizek eta Nicolas Arbizu Gabirondo iturmendiarrak. 50 emateak gainditzeagatik aitortza jaso zuten Nerea Murillo Loidi irurtzundarrak, Jon Zabaleta Ulaiar etxarrendarrak, Juan Luis Salinas Burillo lakuntzarrak, Patxi Lizarraga Etxeberria dorrobarrak, Alfredo Alvaro Igoa, Francisco Javier Asensio Igoa, Luis Goñi Igoa, Margari Goñi Jaka eta Juan Luis Maiza Begiristain etxarriarrek eta Francisco Jose Gomez Rovira eta Maria Jesus Porta San Roman altsasuarrek.