Aspaldikoa da hiriberriarren Beriainerako joa. Hala azaleratu du Rafael Carasatorre Vidaurre ikerlari etxarriarrak bere Documenta Navarra blogean. Han jaso duenez, 1569. urteko kontuetan jasoa dago hiriberriarrek Beriaingo prozesiotik etorri zirenean otamena egin zutela. Andiako ermita "bere kokapenagatik kazkabarra gelditu edo desbideratzeko gaitasuna" zuela uste zuten hiriberriarrek. 1821eko agirietan ere jasoa dago Beriain gaineko ermitara prozesioa egin zutela.
Carasatorrek bere blogean jakinarazi zuenez, hiriberriarrak ez ziren Beriainera joaten ziren arakildar bakarrak. Ihebardarrak ere bide bera egin zuten. Horren berri jasoa dago kontzejuko kontuetan. 1659an San Donato eguneko ospakizunerako ihebardarrek ardia, espeziak, arrautzak eta lau pegar edo kantaro eta erdi ardo eskuratu zituzten. Horretarako 27 errealeko gastua egin zuen kontzejuak. Ihabarko erregidoreak Juanes de Berema, Oliba etxekoa, eta Esteban de Larunbe ziren.
1736an ere ihebardarrak San Donatora prozesioan joan ziren eta ardo pegar eta erdi edan zuten. 1744ko kontuetan ere erromesaldiaren berri jaso zuten. Ihebardarrak, "urtero moduan, agorrilean San Donato basilikara prozesioan" joan ziren. Pegar eta erdi ardo edan zen egun hartan.