Osasuna Magna Xotak Cordoba Futsal taldea hartu zuen maiatzaren 3an, ostirala, Anaitasunan. Talde berdeak etxean jokatzen zuen denboraldiko azken partida zen, eta euren zaleekin garaipena ospatu nahi zuen Miguel Hernandezen taldeak. Eta baita lortu ere. Horretaz gain, Oier Aguirre Lopez jokalari iturmendiarrak talde nagusian debutatu zuen.
Bi taldeek lehia estua eskaini zuten eta erasora atera ziren hasieratik, eta bi atezainek lan handia egin behar izan zuten. Leo Cafék mustu zuen Xotaren markagailua, estrategiako jokaldi bat borobilduz. Xotak makina bat aukera gehiago izan zituen, baina Cordobako Fabio atezaina oso erne egon zen. 13. minutuan Cordobak bana berdindu zuen. Lehen zatian Miguel Hernandezek Oier Aguirre atera zuen kantxara, eta iturmendiarrak emandako aukera probesten jakin zuen, itxura oso ona eman baitzuen.
Bigarren zatian Osasuna Magna Xota dena ematera atera zen, erasora. Toni Escribanok Andres Geraghtyren errematea Cordobaren atean sartzea lortu zuen, eta 2-1 aurreratu zen talde irurtzundarra. Cordobak atezain-jokalariaren formula erabili zuen. Xotak ahalegin berezia egin behar izan zuen Cordoba gelditzeko, eta faltak egin behar izan zituen. Partida bukatzeko 11 minuturen faltan bosgarren faltaren zigorra jaso zuten. Egoera okertzeko partida bukatzeko 3 minuturen faltan bina berdindu zuen Cordobak, eta Miguel Hernandezek atezain-jokalariaren formula erabili zuen. Hainbat saiakeren ondoren Roberto Martil kapitain irurtzundarrak garaipenaren gola sartu zuen. Azken minutuan ongi eutsi eta gero, talde berdeak 3-2 irabazi eta garaipen ederra ospatzeko aukera izan zuen euren zaleekin.
Miguel Hernandez kontentu zegoen taldeak egindako lanarekin. “Taldeak jarrera izan du, aurpegia erakutsi du, eta gaur txanpona alde egokian erori da”.
Azkena, Peñiscolan
Barça da liderra (60 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamaikagarren da (34 puntu). Lehen mailako ligako 30. eta azken jardunaldian Osasuna Magna Xotak Peñiscola izango du aurkari maiatzaren 11n, larunbata, Peñiscolan.