1999ko maiatzaren 3an BELEIXE IRRATIAren 107.3 FMtik lehenengo uhinak zabaldu ziren Sakanan. Gaur egun Etxarri Aranazko gaztetxea dagoen albo bateko gela batetik egin zen lehenengo emisioa. Aitziber Etxaiz Soria altsasuarra eta Alfredo Alvaro Igoa etxarriarra izan ziren lehenengo esatariak. Egun horretan piztu zen irratia, baina aurretik "sukalde lan handia" egin zela gogoratu du gaur egungo GUAIXEko erredaktore burua den Alvarok: "GUAIXErako duela 25 urte saila egitea tokatzen zait, eta horren ondorioz badakit atzetik gutxi gorabehera bi urteko lana egon zela. Irrati Batzorde bat sortu zuen Bierrik Elkarteak (gaur egun GUAIXE FUNDAZIOA) eta bertan Erkuden Flores, Olatz Berastegi, Rafa Blanco eta beste hainbat zeuden". 1996an hasi zen lanean irratia martxan jartzeko batzordea.
1994ko abenduan, GUAIXE aldizkaria sortu zuten kazetaritza ikasten ari ziren Olatz Irizarrek, Amaia Amilibiak eta Etxaizek, baina irratiaren sorreran altsasuarra ez zela egon gogoratu du. "Ni kazetari bezala sartu nintzen irratian, ez nintzen sortzailea izan". Batzordean parte hartu ez zuela esan du. Alvarok ere ez zuen irrati batzordean parte hartu, baina garai horretan Ziriketzen? Etxarri Aranazko euskara taldean zegoen, eta bertako kideak bileretara joaten ziren: "Iñaki, Eneka eta abar batzarretara joaten ziren eta gero komentatzen ziguten bazegoela nahi bat". Lehenengo ahaleginean, Alvarok azaldu duenez, Sakanako Mankomunitatearen lizentziarekin aurrera egiteko ideia egon zen, "baina bide horrekin aurrera egin ez zuenez, Bierrik Elkarteak hartzea erabaki zuen, eta aurrera egin zuen".
BELEIXE IRRATIA hasieratik Etxarri Aranatzi lotuta egon da, izan ere, irrati lizentzia udalarena da. "Hor jarraitzen dugu, egoitza ere hasieratik utzi digu Etxarrik. Eskerrik asko, besterik ezin da esan", esan du Alvarok. Irratiak beste motatako lizentzia bat beharko zuela gaineratu du, "baina beno". Kultur etxeko egoitzatik 2009an gaur egun dagoen udaletxearen eraikineko egoitzara pasa zen BELEIXE IRRATIA. Hasieretan irratia muntatzen "oso lan handia" egin zuten Garraxiren bidez, Hala Bedikoak eta Eztanda irratiko sortzaileak eskertu nahi izan ditu erredaktoreak ere.
Giroa
"Hilabetekarian egunerokotasuna galdu egiten zen; irratia sortzea ikusi zuten"
GUAIXE hilabetekari moduan sortu zen. "Hilabetekaria zenez egunerokotasuna galdu egiten zen, albiste asko etxera iristerako oso zaharrak gelditzen ziren, eta beste eskualdetan irratiak funtzionatzen zutela ikusita, irratia sortzea ikusi zuten", azaldu du Alvarok. Beharra zegoela gaineratu du Etxaizek. Hortaz, aldizkariak bete ezin zuen hutsune informatiboa estali nahi izan zuen irratiak. "Notiziak modu azkar batean euskaraz jasotzeko aukera ematen zuen irratiak, eta horrela egin genuen".
Garai horretan "erraza" zen irratia sortzea, "tokiko irratiak eta aldizkariak, ez txanpinoiak bezala, baina sortze giroa bazegoen". Esan Erran irratia BELEIXE baino sei hilabete lehenago sortu zen, Altsasuko Gaztetxearen Garraxi irratia urte bat lehenago eta urte berean Iturmendiko Eztanda irratia sortu zen. Etxaizek, hain zuzen, Esan Erranen praktikak egin zituen. "Larraintzargo Udalera joaten nintzen egunero, eta hor Txari eta Fermintxorekin egoten nintzen. Oso irrati polita zen". Ederki pasa zuela gogoratu du altsasuarrak.
BELEIXE IRRATIA proiektua martxan jarrita, proiektuaren eta mikrofonoaren aurrean jarriko ziren esatariak aurkitu behar zituen Bierrik Elkarteak, eta horretarako proba bat egin zuela gogoratu dute Alvarok eta Etxaizek. "Azterketa bat egin genuen, Altsasuko gaztetxeko irrati estudioan. Zuzeneko bat eginarazi ziguten, eta nik magazine bat aurkeztu nuen". Itoiz taldearen Alice kantuaren baitan egin zuen irratsaioa Etxaizek, dena prestatuta.
Alvaro, aldiz, probara gaixo joan zen: "Gogoratzen dudan gauza bakarra da dezima batzuk nituela, eta ez nuenez bururik ezertarako pentsatu nuen inprobisatuko nuela eta irudimena erabiliko nuela. Irratian irudimena erabiltzea tokatuko zitzaigula iruditu zitzaidan". Garraxiren estudioan egindako proba praktikoaren aurretik ere txosten bat aurkeztu behar izan zuten. "Aitziberrek irratian praktikak egin zituen aurretik, baina nire irudipena da azken momentuan esan zutela: zu, barrura". Hasiera batean Etxaizek izan behar zuen esataria, "eta azkenean erabaki zuten bi pertsona egon behar ginela. Hori bai zela berria". Bi ahots desberdinekin mugimendua ematen ziola eta dinamikoagoa zela esan du Etxaizek.
Irratia
Lehenengo emisioan auzatea egin zutela gogoratu du Etxaizek. Jose Mari Satrustegi, euskara teknikariak, Bierrik elkartearen inguruan murgiltzen ziren lagunak eta kulturaren munduan zegoen jendea gonbidatu zituzten lehenengo irratsaio horretara. "Aurkezpen eguna izan zen". Alvarok ez du lehenengo egun hura gogoratzen, baina bai lehenengo astea: "Gela horretara kultur etxetik sartzen ginen, baina kalera ate bat behar genuen, eta astean zehar udaleko langileak lanean egon ziren, pareta botatzen, eta ate bat egiten".
Hasierako emisioetan notiziak eta editorialen berri ematen zuten irratien uhinen bidez. Eguneko egunkariak hartu, eta albisteak berridazten zituzten, baita egunkarietako azalak azaldu ere. Sakanako albisteren baten berri ematen zuten, eta elkarrizketak egiten zituzten ere. Bi orduko saioa egiten zuten, 10:00etatik 12:00etara. Zuzeneko emisioa bukatzen zenean Euskalerria irratiarekin bat egiten zuten. "Bagenuen horrelako eskaner bat irratiak hartzen zituena". Ondoren, saioa pixka bat luzatu zuten konturatu zirelako jendea ikastetxeetatik ateratzen zenean lehiaketetan parte hartzeko deitzen zutela. "Gaur egun, baten bati deitu diodanean konturatu naiz lehiaketetara aurkezten zela", gogoratu du Alvarok.
"Entzuten zen. Erreferentzia izaten zen dendetara joaten ginela eta entzuten ari zirela". Eremu "oso mugatuan" entzuten zela aipatu du kazetariak. "Eta ez zen oso ongi entzuten, interferentziak baziren", gaineratu du Etxaizek. Irratia "oso zapaldua" zegoela esan du Alvarok, "irrati berri bat sartzen bazen, zapalzen gintuen, eta horrekin ere borrokatzen aritu ginen". Azkenean, antena beste toki batera eramatea lortu zuten. Etxaiz: "San Migelera ere joan ginen eta ezkutuan zegoen antena bat berrerabili... Horretan ere eskulanetan ibili gara". Material asko berrerabili izan dute.
Nola egiten zuten XX. mendearen amaieran irratia emititzeko eta irratsaioa prestatzeko? "Kasetak erabiltzen genituen. Brutoan izaten zen. Ez zegoen editatzerik", azaldu du Etxaizek. Telefono mugikorrak garai horretan agertzen hasi ziren, baina oso gutxi ziren. "Elkarrizketa bat egiteko aurreko egunean gelditu behar zinen, eta ez dakit zer ordutan deituko zeniola geratzen zinen, baina deitzen zenuen edo ahaztuta zuen edo guri goiza liatzen zitzaigun eta ezin izaten genuen deitu...", gogoratu du Alvarok. Saioa bukatu eta berremisioak egin ondoren, gehienbat musika jartzen zutela esan dute, eta musika jartzeko modu aleatorioan mugitzen zen sei CDko tresna bat erabiltzen zuten. "Kanta batetik bestera salto egiten zuen".
Aldaketak
Irrati Euskaldunen Sarea sortu zuten, "gaur egun oraindik asko baloratzen dena"
BELEIXE IRRATIA sortu eta urtera Irrati Euskaldunen Sarea sortu zuten Esan Erran eta Aralar irratiarekin, "gaur egun oraindik asko baloratzen dena". Garaian ere errekonozimendua jaso zuen, eta 2001. urtearen hasieran proiektuak merezimenduko Argia Saria jaso zuen. "Oso oroitzapen politak" ditu Etxaizek: ""Garai horretan sagardotegietako publizitatearen truke bertan elkartzen ginen eta bazkari handiak egiten genituen. Nafarroako irratiak elkarlanean. Giroa oso etxekoa zen; profesionalizatzeko bide horretan oso naturala eta lanerako beti prest". Alvaro: "Genituen baliabide prekarioekin lortzen genuen bi ordu elkarrekin emititzea".
Mende eta milurteko berriarekin aldaketak izan ziren BELEIXE IRRATIAn ere. Etxaiz 2001. urtean Euskadi Irratira joan zen, eta orduan Maider Betelu Ganboa, gaur egungo GUAIXEko kirol arloko erredaktorea, sartu zen. "Aurretik, GUAIXEn Amaia Amilibiaren urtebeteko baja betetzen egon nintzen, hilabetekariaren arduradun. Baja bukatutakoan berehala deitu ninduten GUAIXEtik, esateko Aitziberrek utziko zuela, eta ea irratian bere ordez aritu nahi nuen". Ordura arte Betelu ez zen sekula irratian aritu, "soilik elkarrizketatu gisa", ebaina denek animatu zutela esan du: "Probatzea erabaki nuen". Alvarok erakutsi zion aparailuak nola erabiltzen ziren, "gogoan dut norbaitek telefonoz deitzen zuenean argi gorri bat pizten zela. Beti irudi hori etortzen zait burura". Nahiko "hitzotzia" denez, aitortu du, azkar egokitu zen medio berrira.
BELEIXE IRRATIAn "tarte handia" pasatzen zuten albistegirako artikulua idazten eta, alde horretatik, prentsaren munduan, "nolabait", jarraitu zuela esan du Beteluk. "Irratia oso bitxia iruditu zitzaidan, eta aitortu behar dut niretako komunikabidderik politena dela, alde handiz; berehalakotasun hori, gertutasun hori, inprobisazioa, musika ni musikazale amorratua naiz, entzuleak... Guztia batuta niretako irratia bikaina zen". Mikrofonoaren aurrean "eroso" sentitu dela esan du kazetariak. "Nolabait, ahaztu egiten zait atzean jendea dagoela, ez naiz urduri jartzen, eta lasai aritzen naiz".
Astekaria
Beteluren sartzearekin, 2001. urtearen inguruan, "esan ziguten GUAIXE hilabetekari bezala oso ongi zegoela, irratia ere oso ongi zegoela, baina irratiak esaten dituenak haizeak eramaten dituela. Errealitate hori paperera eraman behar zela esan zuten: hor sortu zen OIXE". Beraz, GUAIXE hilabetekaria zen, OIXE astekaria eta BELEIXE IRRATIAk egunero emititzen zuen. Momentu horretan ere Altsasuko Foru plazaren 23 zenbakian dagoen egoitza eraikitzen ari ziren ere.
Alvaroren zalantza zen ea beteko ote zuten GUAIXE eta irratia Sakanan gertatzen zirenekin: "Diario de Noticiasek eta Diario de Navarrak orri bat eskaintzen zioten Sakanari, Euskaldunon Egunkarian Nafarkaria publikatzen zuten eta Egin ere bazegoen, Sakanako albisteak ateratzen zituztenak". Betetzen zuten, bai. "Gero papera gainezka gelditzen zen, eta papera gelditzen zenez, OIXE eta GUAIXE fusionatzea erabaki zuten". Lan handia egiten zutela esan du Beteluk, "astekaria sortu zenean, are gehiago. Lan handiko urteak izan ziren, baina garai hartako oroitzapen oso onak ditut".
BELEIXE IRRATIA goizez eta OIXE astekaria arratsaldez egiten zuten bi erredaktoreek. Alvaro: "Dinamika egiten hasi ginenean laguntzaile asko egon ziren, eta ni Ruben Imazekin gogoratuko naiz, maketazioan laguntzen egon zelako. Berak erakutsi dit dakidana, eta orduan han ibiltzen ginen". Hasieran biak batera egoten ziren, baina gero astero batek hartu zuen OIXE egitearen ardura. "Horrela egon ginen; ikusi zuten idazten genuela, gutxi gorabehera, txukun, eta esan ziguten idaztera pasako ginela. Irratia utzi eta idaztera". 2004an bi medioak fusionatu zituzten eta GUAIXE astekaria sortu zuten.
Alvaro eta Betelu "oso gustura" zeuden irratian, gogoratu du Beteluk. "Pena eman zidan irratia utzi eta Altsasuko bulegora etortzea GUAIXE berrian lan egiteko". Hilabetekaria motz geratzen zen, albisteak zaharkituta... "Alfredo eta biok irratian egunero albistegia prestatzen genuenez, horregatik pasa ziguten GUAIXE berrian lan egitera, albisteen egunerokotasuna kontrolatzen genuelako". Tania Arriagak hartu zuen BELEIXE IRRATIAren ardura. "Saltoa niretako ez zen oso handia izan, ezagutzen nuen medio idatzira pasa nintzelako", esan du Beteluk.
GUAIXE hilabetekaria, OIXE astekaria, ondoren GUAIXE astekaria bihurtu zirenak, eta BELEIXE IRRATIAren eguneroko irratsaioa... "Eta orduan esaten genuen, eta telebista?". Telebista proiektu bat izan zela gogoratu du Etxaizek: Geoxo. Izena, behintzat, jarri zioten. Alvarok azaldu duenez ideia zerbait landu zen, baina "oso zulo handia" zela ikusi zuten.
Asko izan dira 25 urte hauetan mikrofonoen atzean egon diren esatariak
Aitziber Etxaiz, Alfredo Alvaro, Maider Betelu, Tania Arriaga, Gorka Ovejero, Mikel Mundiñano, Natalia Cobo, Erkuden Goñi, Fermintxo Gartxitorena, Larraitz Amadoz, Joseba Andoni Beltza eta Oihana Gallo eta Eneida Carreño. Asko izan dira 25 urte hauetan BELEIXE IRRATIAren mikrofonoen atzean egon diren esatariak. Gaur egun Carreño da Beleixe Irratiko gidaria.
Sakanako irrati euskaldunera "kasualidadez" iritsi zela esan zuen Carreñok; iragarkia ikusi zuen eta proba egitera animatu zen. Duela hogei bat urte izan zen. Onodren Gallo sartu zen, eta bien artean "oso ongi" moldatzen ziren. Irratiaren formula urteekin ezer gutxi aldatu zen; goizeko magazina egiten zuten: albisteak, prentsa, elkarrizketak, musika saioa, agenda...
2009. urtean beleixe.net eta guaixe.net webguneak aurkeztu zituzten. Garai horretan ere Bierrik elkartea fundazioa bihurtu zen. 2012. urtean BELEIXE IRRATIA ostiraletan asteko errepasoa egin eta asteburuan egongo zirenen berri emateko ordu bateko saioa emititzen hasi zen eta guaixe.net bidez emititzen hasi zen, eta Irrati Sarean Esan Erran irratiaren ordez Karrape sartu zen. 2018. urteko azaroan BELEIXE IRRATIA eguneroko zuzeneko emisiora itzuli zen, 10:00etatik 12:00etara, FM107.3an eta guaixe.eus webgunean, Carreñoren gidaritzapean.
Irratiaren bizitza
Etxaizek gogoan ditu egunkariak eta editorialak irakurtzen zuteneko momentu horiek. "Eta gogoratzen dut nola Alfredok apuntatzen zuen dena papertxo txikietan eta koaderno bazterretan, eta pentsatzen nuen nola demontre irakurtzen zuen gero". Etxaizi erakutsi zioten letra handiz eta txukun prestatzen gidoiak, "gehienbat ongi irakurtzeko, beti esaten zuten inprobisaziorik hoberena paperean zegoena zela". Euskalerria irratiko Mikel Bujandak "eskola" sortu zuela esan du Alvarok.
Alvarok beti gogoan izango duen une bat gogoratu du: 2003. urteko otsailean Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. "Garai horretan inpresora bat genuen eta korrika torri nintzen kartelak inprimitzera kaleetan jartzeko".
Beteluri garai hartako pasadizo asko datozkio burura: "Gozozale amorratuak gara Alfredo eta biok, eta gogoan dut beti Nocilla ontziren bat ezkutatua genuela galletekin jateko. Gogoan dut ere Andra Mari ikastolakoak etortzen zirela euren saioa egitera, Aralarko irratiko Martinekin eta Esan Erraneko Fermintxorekin eguneko solasaldian oso ongi pasatzen genuela, jendeak zorion egurrean tartean deitzen zuenean...". Gauza txikia, baina oroitzapen handia direla gaineratu du.
"Sortzea erraza da, zailena mantentzea da; eskerrak eman hemen zaudetenoi"
25 urte atzera eginez, bidea "oso luzea" izan dela esan du Alvarok. "Zaharragoak" sentzitzen direla gaineratu du Etxaizek: "25 urte gehiagorekin eta beste ardurekin. Gauza aldatzen da". GUAIXEren 25 urteurrenarendako egindako Batzen gaituena dokdumentalean aipatu zuena gogora ekarri du Etxaizek: "Sortzea erraza da. Orduak sartzea da, eta sortu sortzen da. Zailena mantentzea da. Horertan eskerrak eman behar zaizkie hemen zaudetenoi. Guk bai sortu genuen, baina utzi ere utzi genuen. Alde horretatik nire esker ona hemen biltzen zareten guztiei. Horrek duelako benetan garrantzia". "Izugarri" pozten du bai irratiak bai aldizkariak 25 urteen muga pasatzea. "Ez da erraza, baina hor egon da jende kementsua eta ona". Alvaro ere "puztua" sentitzen da proiektuak jarraitzen duelako. "Ametsetako BELEIXE IRRATIA nolakoa izango litzateke baliabide gehiagorekin pentsatzen dut, eta amets horretara gerturatuko gara".