Futbola

Etxarriren eta Lagun Artearen gol festa

Guaixe 2024ko mai. 7a, 11:20

Lagun Artearen eta Etxarriren derbia, Zelai Berrin.

Etxarrik Erregionaleko lider jarraitzen du, eta Lagun Artea seigarren postura igo da

Asteburuan Erregional mailako 29. jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatz liderrak Lekunberrin jokatu zuen, Beti Kozkor B taldearen kontra. Etxarrik lidergoa mantentzea zuen jokoan, eta liderrak ez zuen huts egin: 0-4 gailendu zen Lekunberrin. Lehen zatian bi gol sartu zituen Jon Erdoziak, eta bigarren zatian Xabat Goikoetxea eta Joanes Mikeo izan ziren markagailua borobildu zutenak. 

Bestalde, Lakuntzako Lagun Arteak Arga Ibaia taldea izan zuen aurkari larunbatean Sanduzelain, eta partida hasi eta berehala 0-2 aurreratu zen talde lakuntarra Yonatan Davila eta Joseba Lizarragari esker. Atsedenaldirako beste bi gol gehiago sartu zituzten Borja Ganboak eta Joseba Lizarragak. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen eta Lagun Artea izan zen jaun eta jabe. Yonatan Davilak, Ander Cocerak, Alvaro Codonek eta Xabier Maizak markagailua borobildu eta 0-8 irabazita itzuli ziren lakuntzarrak. 

Azken jardunaldia
Liga despeditzeko jardunaldi baten faltan, azken jardunaldian lidergoa jokoan du Etxarri Aranatzek. Liderrak 63 puntu ditu, baina puntu batera San Jorge taldea du (62 puntu). Etxarri Aranatzek sailkapenean bederatzigarren den Liceo Monjardin taldea hartuko du maiatzaren 12an, igandea, 18:00etan San Donato zelaian. Lagun Arteak ere etxean despedituko du denboraldia. Lakuntzako taldea seigarren da sailkapenean (45 puntu) eta 44 punturekin sailkapenean zazpigarren den Rotxapea B taldea hartuko du maiatzaren 12an, 16:00etan, Zelai Berrin. Seigarren postua dago jokoan, eta Lagun Arteak hala despeditu nahi du denboraldia. Tamalez, igoera fasea jokatuko duten lehen 4 postuen artean ezin izan da sailkatu.