Sakandarrak ezkila zaleen topaketan

Guaixe 2024ko mai. 8a, 11:00

Max Spinu eta Tomas Ganboa. NAFARROAKO EZKILA JOLEEN ELKARTEA

Nafarroako Kanpai joleen VI. Topaketa hartu zuen Iruñeak maiatzaren 5ean.

Iruñeko San Lorenzo eliza eta aldamenean dagoen Errekoleten, baratxurien, plaza izan ziren  Nafarroako Kanpai-joleen VI. Topaketaren guneak igandean. Herrialdeko hainbat tokitatik joandako 50 bat ezkila jole elkartu zituen hitzorduak, tartean zeuden Arruazu, Lakuntza, Lizarraga, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordikoak. Sakandarren buru Nafarroako Ezkila joleen Elkarteko ohorezko presidente Tomas Ganboa Ganboa. Topaketako jole gazteena ere han zegoen, Max Spinu olaztiarra. 

San Lorentzoko kanpaiak eskuz bueltaka ibili edo haiekin errepika jotzeko aukera izan zuten topaketako parte hartzaileek. Gainera, aldameneko plazan hainbat ezkila jarri zituzten, animatzen zenak jo zezan. Txalaparta eta kanpai horien doinuak ere uztartu zituzten ezkilparta "soinu-esperimentuan".