Ekimeneko talde sustatzaileko kideek, kanpainaren babesle diren eragileetako ordezkari eta kultura eta ikus-entzunezkoetako norbanakoekin batera, Aldatu gidoia euskararen alde kanpaina aurkeztu zuten Altsasun. Han izan ziren, besteak beste, honako eragileen ordezkariak: Euskalgintzaren Kontseilua, AEK, EHE, Ikastolen Elkartea, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak, LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, Euskal Aktoreen Batasuna, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Zinemak Euskaraz, Pantailak Euskaraz, (H)Itzartu EITB, Xaloa Telebista, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Guaixe fundazioa.
Zer da Aldatu Gidoia?
Irailean Gasteizen aurkeztu genuen ekimena da. Ikus-entzunezkoak eta EITB euskaldunaren aldeko ekimena da. Euskalgintzako, sindikatuetako eta gizarteko hainbat talde elkartu gara EITBri eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko gidoia euskararen alde aldatzeko. EITB euskara sustatzeko sortu zen, eta hori da guk eskatzen duguna: behingoz euskara erdigunean egon dadila.
Ez dago?
Ez, inolaz ere ez. Nafarroan hori oso agerikoa da, ezta? Eusko Autonomia Erkidego zentrismoa dago, gero Nafarroa eta, akaso, Iparralde baino lehenago askotan Madril. Ez, ez euskara ezta Euskal Herria ere ez daude erdigunean.
Sakanan ETB3 ez da ikusten?
Gainera hori da daukagun erronka handienetako bat: Euskal Herri guztian bermatzea EITB entzun eta ikusi ahal izatea.
EITBn euskara erdigunean jartzeko, zer eskatzen duzue?
Hainbat aldarrikapen ditugu Eusko Jaurlaritza eta EITBrendako. Batzuk zuzenean erreferentzia egiten diote EITBri. Hor helburu zehatzak ditugu, baina, funtsean da apustu irmoa egitea euskal bikoizketaren alde, euskal azpi idatzien alde eta, benetan, kalitatezko programazioa eskaintzea euskaraz. Horretarako, oso garrantzitsua da ardatza ETB 1 izatea, eta ez ETB 2, orain arte bezala. Horrekin batera, zinema programazioa duina izan dadila eta ez orain arte bezala, euskara hutsaren hurrengoa dela. Horrekin batera, streaming plataformak. Primeran-i ongi etorria eman genion. Baina orain erronka handiena heldu da: Primeran edukiz jostea eta kalitatezko edukiak eskaintzea. Beraz, zentzu horretan, ez du balio 90. hamarkadan arrakasta izan zuten telesailak hor igotzea, eta kitto. Ez. Harago joan behar dugu; haur, gazte eta helduendako erakargarria den programazioa behar dugu. Euskarak aisialdian, ikus-entzunezkoetan ere erreferente bat izan behar du.
Herritarrek ekimenarekin bat egiteko aukera dute?
Bai, mobilizazioa antolatu dugu Gasteizko foru enparantzan maiatzaren 18an, 17:30ean. Euskal Herriko herritar orori parte hartzeko dei egiten diegu. Deialdiko prentsaurrekoa Altsasun egitea ez da kasualitatea. Nahiz eta EITB Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen duen, uste dugu EITBk eskaintza Euskal Herri osoari egin behar diola. Horregatik bildu gara Altsasun, Euskal Herriko erdialdean, Nafarroan, eskaera horiek egiteko: Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere aintzat har ditzatela. Beraz, animatu eta Gasteizera joan. Mobilizazio polita izanen da, mereziko du. Aldatu gidoia euskararen alde!