Foru Administrazioaren Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoak jakinarazi duenez, Urbasa-Andia natur parkean esnetarako ardi aziendaren kudeaketari lotutako sareak eginen ditu. Zehazki, 29 artzain txabolen aldamenean eginen dira sare horiek. Artegi horiekin Urbasan eta Andian dauden artzainek ardiak jezteko lanak erraztu nahi ditu gobernuak. Horretarako, kasu zehatz bakoitzean itxiera mota desberdinak diseinatu ditu, lursailera eta abeltzain eskatzaile bakoitzaren beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko.
Eginbeharrekoen aurrekontua 164.171,19 eurokoa (BEZik gabe) da. Lan horretan interesa duen enpresak eskabidea maiatzaren 22ko 12:00ak arte aurkez dezake. Lana hiru hilabeteetan egin beharko du hartzen duen enpresak, baina lanak agorrilaren 31rako despedituta egon beharko du.
Egin beharrekoak
Artegiak egiteko aparteko sendotasuna duen abere hesiko sarea eta bi txarrantxa hari jarri beharko dira akaziazko edo burdinezko piketetan. Azken horiek porlanarekin hartuak egon beharko dute. Horrekin batera, sare barruko aldea sasiz garbitu beharko du. Egiten den sare bakoitzak altzairu ijeztuzko 3 edo 4 metroko ataka hedagarria izanen du. Gainera, dagokionean, aurretik dauden baso itxiturak kendu beharko dira, baita zabortegira eramatea ere. Oinezkoentzako pasabidea ere jarri beharko dituzte.