ELA eta LAB sindikatuek Anfasko langileak grebara deitu dituzte hilaren 8an eta 11n. Enpresa batzordetik azaldu dutenez, "hitzarmena negoziatzen bi urte baino gehiago eman ondoren, zuzendaritzak proposamen bera egin du azken bi bileretan, eta batzordearen iritziz, ez da nahikoa". Gaineratu dutenez, "azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea da puntu kritikoa. Oinarrizko soldata da plantillaren sostengu nagusia, plusik ez dagoelako". Horregatik, "soldatek gora egitea eskatzen dugu, bizitza igotzen denaren arabera, plantilla urtez urte pobretu ez dadin".
Ordezkariek azaldu dutenez, Anfaseko lan baldintzak "prekarioak dira, partzialtasun asko, asteburuetan lana, lan karga handiak eta erantzukizun handiarekin. Soldatak 1.000 euro garbi ingurukoak dira lanbide kategoria jakin batzuetarako, esaterako, aisialdiko begiraleendako edo zaintzaileendako jardunaldi osoan arituz gero, baino ia guztiek 4 edo 5 orduko jardunaldia dute astean, eta horrek hilean 100 edo 200 euroko soldata suposatzen du". Gaineratu dutenez, "arreta espezifikotasun oso zorrotzak dituzten lanak dira, eta erabiltzaile motaren arabera espezializatutako profesionalak. Hain prekarioak diren lan baldintzek langileen mugimendu handia eragiten dute, lana ez baita behar bezala ordaintzen".
Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna "zuzena" dela nabarmendu dute: "2020tik 2023ra Anfasen guztizko diru sarreren bi heren ordaindu dizkiola".