Futbola

Futbol campusak Lakuntzan eta Altsasun

Guaixe 2024ko mai. 10a, 12:21

Lagun Arteako futbol campus bat. ARTXIBOA

Udako futbol campusak prestatu dituzte Lagun Artea eta Altsasu futbol taldeek eta izena emateko azken egunak dira hauek, maiatzaren 15ean despeditzen baita epea

Ikasturte bukaera ate joka dago eta oporretarako futbol campusak prestatu dituzte Lakuntzako Lagun Artea futbol taldeak, azken urteetan bezala, eta Altsasu futbol taldeak, lehenengoz. 

Lakuntza, ekainean eta uztailean
Lakuntzako futbol campusak bi data ditu. Lehena, ekainaren 24tik 28ra, eta bigarrena uztailaren 15etik 19ra. Bietan 2011 eta 2018 urteen artean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena. Zelai Berrin izango da. Ordutegiari dagokionez, 9:00etatik 14:00etara izango da, eta hasierako hitzaldia, entrenamendua, hamaiketakoa, partida, jokoak, igerilekua eta luzaketak izango dituzte. Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 15era arte (Informazioa eta ordainketa agiriak, 618 076 053 edo 650 222 146). Partaideek kamiseta eta prakak jasoko dituzte opari. Lakuntzan erroldatutakoek aste batengatik 85 euro ordainduko dituzte, eta bikoitza bi astetan izena ematen badute. Erroldatu gabekoek, aldiz, 100 euro aste batengatik. Familia ugarietako kideek hobariak izango dituzte. 

Altsasun, uztaileko lau aste
Altsasu Kirol Elkarteak lehendabizikoz futbol campusa antolatu du. Bi txanda izango dira, Dantzalekun. Uztailaren 1etik 12ra bitartean 2018 eta 2013 urteen artean jaiotako neska-mutilak trebatuko dira futbolean, eta uztailaren 15etik 30era 2012 eta 2008 urteen artean jaiotakoak. Beraz, bi asteetako bi txanda izango dira. Izena ematea zabalik dago maiatzaren 15a baino lehen. Bazkideek 160 euro ordainduko dituzte, eta bazkide ez direnek 190 euro. Informazio gehiago www.sdalsasua.com webgunean, 624 648 790 edo 649 01 98 33 telefonoetan,edo altsasusd@gmail.com posta elektronikoan.