Atletismoa

Aitzkibil: aurten igande goizean, eta Milakoloreren alde

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 15a, 12:00

Iturmendik 2019an hartu zuen, azkenekoz, lasterketa. ARTXIBOA

Maiatzaren 19an, igandean, jokatuko da Aitzkibil herri lasterketa solidarioa. Iturmendin jokatuko da, eta Milakolore elkartearen aldekoa izango da.

Aitzkibil lasterketak garai batean Aitzkozar izena zuen, hain zuzen ere Iturmendiko Aitzkozar elkartea izan zelako lasterketa sortu zuena. Ondoren Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartea batu zitzaion, eta joan zen urtean Urdiaingo Tintiniturri elkartea. “Ez zitzaigun ongi iruditzen lasterketak soilik Iturmendiko elkartearen izena mantentzea. Hor ibili ginen bueltaka, eta azkenean Aitzkibil izena aukeratu genuen, justu gure hiru herrietan dagoen dermio bat delako” azaldu du Aitzkozar elkarteko Urko Agirre Gabirondok. Igande goizaren aldeko apustua egin dute Aitzkibilkoek. “Beste lasterketa batzuetan jendea igande goizean animatzen da, ea hemen nola ateratzen den. Iturmendiko plazatik abiatuta, 10:30ean haurren lasterketa izango da, eta 11:30ean helduena”. 

Aurreratuta
Aurten Iturmendiri dagokio herri lasterketa solidarioaren hasiera eta helmuga izatea. Orain arte Iturmendik eta Bakaikuk Santa Marinan antolatzen duten Trinitate festa baina egun bat lehenago antolatzen zen proba, baina aurten herri galdeketa egin da aipatu bi herrietan, eta Trinitate festa igandetik larunbatera aurreratzea erabaki dute, maiatzaren 25era. Horrek, jakina, eragin zuzena izan du Aitzkibil lasterketan. “Aurtengo edizioa prestatzen hasi ginenean udaletatik gurekin harremanetan jarri ziren esanez festa eguneko aldaketa egiteko asmoa zutela. Eta jabetu ginen Trinitateko asteburuan, bai larunbatean edo bai igandean izan, ez zuela zentzurik egitea. Eta asteburuz aldatzea erabaki genuen. Gainera, gure asmoa aurten igandearekin probatzea da. Horregatik, aste bat aurreratu dugu lasterketa eta aurten maiatzaren 19an, igandearekin, jokatuko da”. 

Joan zen urtean bezala, helduendako bi distantzia prestatuko ditu antolakuntzak. 7,6 km-koak Iturmendi, Bakaiku eta Urdiain batuko ditu, buelta bakarrean, eta 4,3 kilometrokoak ibilbide luzekoekin batera joango dira Bakaikuraino, baina gero Iturmendira itzuliko dira Urdiaineraino jo beharrean. “Askotan jendea kexatzen da ibilbide luzea gehiegi dela, eta horregatik jarri dugu laburra, gutxixeago ibiltzen direnek aukera izan dezaten”. 

Izena ematea, zabalik
Aitzkibil lasterketan izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakana webgunean. “Antolakuntzari begira jendeak aurretik izena ematea bihotzez eskertzen da, baina beti bezala egunean bertan Aitzkozar elkartean izena emateko aukera egongo da, proba hasi baino ordu bat lehenagora arte” azaldu du Urko Agirrek. 

Parte hartzen duten korrikalari guztiek oparia jasoko dute, txapeldunek trofeoa, eta guztiendako askaria izango da. Jendea animatzea, hori da falta den bakarra. Bestalde, ez da ahaztu behar Aitzkibil elkartasun krosa dela. Aurten Sakanako Milakolore elkartea lagunduko da. “Iaz oso esperientzia ona izan genuen Urdiainen Zaporeak elkartearekin, oso pozik gaude. Baina laguntza beharrean dauden elkarte asko daudenez, eta fronte pila bat, aurten gertuagotik ukitzen gaituen Milakolore elkartearekin kolaboratzea erabaki genuen. Baiezkoa eman zuten, eta beraiek ere lasterketa egunean egongo dira laguntzen, eta euren egoeraren berri ematen. Ea zer moduzko harrera duten”. 

Halako ekitaldiek bizia ematen diote herriei, eta hori izan zen lasterketa antolatzearen beste arrazoietako bat. “Korrikalariak Iturmendira gerturatzera animatzen ditugu, eta baita ikusleak ere, giroa sor dezaten eta Milakolore lagun dezaten. Auzatea denondako izaten da, eta igande tonto batean herrian bizia egotea polita da. Jendea animatu dadila”.