Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Gazte Trail Txapelketa maiatzaren 5ean erabaki zen, XV. Xtreme Higa de Monreal mendi lasterketan. Txapelketak hiru proba puntuagarri zituen. Lehendabizikoa Agoitzen jokatu zen, iraila bukaeran; bigarrena Etxarri Aranatzek hartu zuen, abenduaren 9an, Triku Trail taldeak Txakurkrosarekin batera antolatutakoa; eta igandean azkena jokatu zen, Elon. Dantzaleku Sakana Atletismo klubak sekulako maila eman zuen eta guztira zazpi podium lortu zituen.
Dantzaleku Sakana Atletismo eskolarekin hamabi korrikalari lehiatu dira aipatu txapelketan: haurren mailan, Ekhi Guirado, Aratz Mendoza, Urko Alkorta eta Ezkai Lakuntza altsasuarrak; kadeteen mailan, Jon Orella eta Aner Artieda etxarriarrak, Victor Fernandez irurtzundarra eta Asier Gonzalez altsasuarra; eta jubenilen mailan Kimetz Arregi lakuntzarra, Javier Larrea urdiaindarra, Jorge Diaz aguraindarra eta Madi Lizarraga altsasuarra. Azken hau taldeko neska bakarra da. “Iaz sei nesketako talde polita genuen haurren mailan, baina aurten futbola aukeratu dute eta Madi da bakarra” azaldu du Dantzaleku Sakana atletismo eskolako monitore Aitor Mendozak.
Joan zen urtean sortu zen Dantzalekun taldea sortzeko ideia. “Triku Traileko Igor Artieda etxarriarra eskolako gurasoetako bat da, Nafarroako Mendi Federazioarekin harremana du, eta gazteen artean mendi lasterketen taldetxo bat sortzeko ideia plazaratu zuen. Begi onez ikusi, eta aurrera egin genuen” dio Mendozak.
Haurren mailan lasterketek bospasei km izan dituzte, kadeteen mailan gehienez 8 kilometrokoak izan dira, eta jubenilen mailakoak 10-12 kilometro ingurukoak. “Mendi lasterketek antolatzen duten ibilbide laburrekin bat egiten du gehienetan”.
Eloko zazpi dominak
Igandean, Elo txiki geratu zen XV. Xtreme Higa de Monrealen parte hartu zuten korrikalariak hartzeko. Bi proba nagusi zeuden, 21 km-koa eta 12 km-koa, eta, horretaz gain, haurren eta kadeteen 5 km-koa. Parte hartze errekorra apurtu zen, guztira 350 korrikalari baitzeuden izena emanda, lasterketak zuen muga.
Aitor Mendoza: "Euren artean duten laguntasuna eta kiroltasuna harrigarria da"
NKJ-etako Gazte Trail Txapelketako hiru probak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean zazpi domina iritsi dira Sakanara. Haurren mailan, Aratz Mendoza bigarren sailkatu zen, eta Ekhi Guirado hirugarren. Urko Alkortak eta Ezkai Lakuntzak ezin izan zuten Eloko azken lasterketa honetan parte hartu. Guirado hirugarren izan zen Elon, eta Mendoza bosgarren. Kadeteen mailan, sailkapen orokorrean Victor Fernandez bigarren sailkatu zen, eta Jon Orella hirugarren. Eloko proban Victor Fernandez bigarren izan zen, Jon Orella laugarren, Aner Artieda zazpigarren eta Asier Gonzalez zortzigarren. Bukatzeko, jubenilen mailan Dantzalekuko Javier Larrea izan zen Gazte Traileko txapelduna, eta bere taldekide Kimetz Arregi txapeldunorde. Eloko proban Larrea laugarren sailkatu zen, eta Arregi zazpigarren. Emakumezkoen jubenilen mailan Dantzalekuko Madi Lizarraga izan zen txapelduna. Haurren mailan ez zen emakumerik lehiatu.
Kiroltasuna eta harremana
Dantzalekuko korrikalariak “oso pozik” daude NKJ-etako Gazte Trail Txapelketan bizitakoarekin. “Neska-mutilek bikain pasatu dute lasterketa hauetan, eta harritzekoa izan da euren artean duten laguntasuna, adiskidetasuna eta kiroltasuna gertutik ikustea. Helmugan guztiok itxaroten zieten taldekideei, eta nolako besarkadak ematen zizkioten elkarri. Ikusgarria zen”. Asier Gonzalezen adibidea jarri du. “Pista gustatzen zaio bereziki, baina mendi lasterketak probatu nahi zituela, eta Elon korrika egitera animatu zen. Helmugan errepikatuko duela zioen” kontatzen du Mendozak. Gainontzekoek, berdin.
Aratz Mendozaren kasua berezia da, arbizuar gazteak diabetes 1 gaixotasuna baitu. Egunero hainbat aldiz jarri behar du intsulina, eta lasterketetan gaixotasuna kontrolatzea ez da erraza izaten. “Lasterketak hasi baino lehen glukosa oso altua izaten du, baina konturatu gara urduritasunak, hau da, adrenalinak, igoera hori areagotzen diola, agian 10 minututara glukosak beheraka egiten baitio nabarmen. Zaila da, baina oso gustura ari da Aratz”. Elon pozik zoratzen zegoen. “Bigarrena izan naiz, eta diabetikoa naiz! esaten zuen”.
Aitor Mendoza: "Mendia, krosak eta lohia. Hori da Sakanan duguna, eta gustuko duguna"
Aitor Mendozak argi du talde honek mendi lasterketetan jarraituko duela. “Pistan eta krosean ere ibiltzen dira, baina mendi lasterketak gustuko dituzte. Mendia, krosak eta lohia. Hori da Sakanan duguna, eta gustuko duguna”.
Behin betiko trail zirkuitua
Aurten 70 neska-mutil inguru trebatzen ari dira Dantzaleku atletismo eskolan. Fermin Askargortak jarraitzen du koordinatzaile, Aitor Mendozarekin eta Ekhi Olabiderekin batera. Aurten Askargortak 10 urtez azpikoen benjaminen ardura du, Mendozak 12 urtez azpiko kimuena, eta Olabidek nagusiena. Aurten Dantzalekuk ez du ez pistako ez kroseko probarik hartu, pisten egoerarengatik eta futbol zelaiko lanengatik. “Alkateak dio pistak konponduko dituztela, gutxienez zuloak konponduko dituztela, ea hala den”.Dantzaleku parean, Usolarrainen, behin betiko trail zirkuitu berria egitea lortu du klubak. “Oso kontentu gaude. Urtean bitan ibilbidea garbituko omen dute. Kroserako albiste bikaina da".