Iturmendiko festekin batera, maiatzaren 11n Urbasa Txirrindularitza Taldeak afizionatuen eta eliteen mailako XII. Iturmendi Trofeoa antolatu zuen, aldi berean Nafarroako errepide Txapelketa izan zena. 139 kilometroko lasterketan txirrindulariek lautan igo zuten Altamira.
Lasterketa oso mugitua izan zen, etengabeko erasoekin, eta azkenean Rural Kutxa-Aleak eta Telcomek jokatu zuten etapa. Rural Kutxa-Aleako Lucas Towers izan zen gailendu zena (3:20:38), taldeari segundo bat aterata. Bigarren Adrian Losarcos sailkatu zen (Telcom), hirugarren Ruben Sanchez (Rural Kutxa-Alea) eta laugarren Ailetz Lasa ziordiarra (Telcom). Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) 35. iritsi zen helmugara; Jon Gil (Supermercado Froiz) lakuntzarra 38.; Martxel Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Alea) 43.; Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) 48.; eta Adrian Martinez (Laboral Kutxa) 72. Talde onena Rural Kutxa-Alea sakandarra izan zen.
Iturmendiko proba Nafarroako Txapelketa zenez, Adrian Losarcos 23 urtez azpiko txapelduna izan zen, eta Ailetz Lasa elite mailako txapelduna.