Geroa Baik (EAJ, Geroa Sozialberdeak eta Atarrabia Taldea) heldu diren europar hauteskundeetan hartuko du parte Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa (CEUS) hautagaitzaren baitan. Nafar koalizioa osatzen duten alderdiekin batera Coalición Canaria eta Proposta per Les Illes de Baleares parte hartzen dute CEUS hautagaitzan. Amaia Arrizabalaga Idiaquez izango da Geroa Bairen hautagaia Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Lazkaon (Gipuzkoa) 1969an jaioa, Tuterara joan zen bizitzera 9 urterekin eta gaur egun Iruñean bizi da. Zinpeko itzultzaile interpretea da eta Letra Modernoetan diplomaduna Cluny I.S.E.I.T.-an eta Itzulpengintzan eta Interpretazioan diplomaduna Madrilgo Unibertsitate Europarrean. Ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara hitz egiten ditu. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren Kabinete buru izan da (2019-2023) eta gaur egun Geroa Bairen parlamentu taldearen laguntzailea da.
Geroa Baik heldu diren europar hauteskundeen garrantzia azpimarratu nahi izan du eta "gure egunerokoan eragina duten politikak asko" direla eta "Europar Parlamentuan Europako Kontseiluarekin batera erabakitzen direla" gogorarazi du. Koalizioak nabarmendu duenez "garrantzia bereziko une batean gaude, benetako arrisku bat baitago, ultraeskuinaren gorakada alegia, eta hauteskunde hauetatik sortuko diren Europako Parlamentuak eta Kontseiluak erabakiko baitute zer nolakoa izango den etorkizuneko Europa eta bere papera".
Arrizabalagak esan duenez,"garrantzitsua da Nafarroak Europako Parlamentuan ordezkaritza izatea, Europa sozial, feminista eta pertsonak erdian jarriko dituen ahots propioarekin, eta bazterkeriaren eta desparekotasunen aurrean askatasunak eta eskubide sozialak bermatuko dituena", bukatu du esaten.