2019ko Europako hauteskundeetan bezala, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioaren barruan aurkeztuko da, Kataluniako ERCrekin, Balear Uharteetako Ara Més-ekin, eta Galiziako BNGrekin batera. Espainiar Estatuko beste indar politiko txikiago batzuk ere gehituko dira koalizioaren sostenguan. EH Bilduren Europako hauteskundeetarako zerrendaburua Pernando Barrena Arza da. “Ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak ekar ditzakeen atzerapauso demokratikoaz” ohartarazi du Barrenak.
EH Bilduren Europako Parlamentuko jardueraren ardatz nagusiak zein diren ere aletu ditu. Batetik, "antifaxismoa da Euskal Herria Bilduren eskaintzaren oinarri nagusia. Von den Leyenek ultraeskuinarekin akordioak egiteko asmoak gure kezka biderkatu du. Ultraeskuina da Europak egun duen etsai nagusia eta bere posizio arrazista eta atzerakoiak borrokatuko ditugu, demokrata izateko lehenik antifaxista izan beharra dagoelako". Bestetik, Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatuko du koalizio subiranistak. "Bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen herri bat gara eta hori erakutsi beharra dago Europan, aliatuak eginez eta konplizitateak bilatuz. Jarraituko dugu erakusten Herrien Europaren ideiak bat egiten duela Europar eraikuntzaren oinarri diren demokrazia, bakea eta aniztasunaren errespetuarekin".
Aldi berean, bakea eta antimilitarismoa ardatz hartuta ariko da EH Bildu. "Europar eliteak gerra danborrak jotzen hasiak diren honetan bakea da gure mezua. Gastu militarraren igoeraren aurrean antimilitarismoaren balioak defendatuko ditugu. Gatazkei irtenbidea bilatu behar zaie diplomazia eta nazioarteko erakundeen inplikazioaren bidez eta ez gerra inperialisten bidetik". Azkenik, koalizioak trantsizio ekosozialean "sakontzeko" konpromisoa adierazi du: "ezin dugu denborarik galdu gai horretan gure etorkizuna, denona -salbuespenik gabe- arriskuan dagoelako".