Ikasturte amaiera ate joka dago eta Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak aurtengo futbol eta triatloi campusen berri eman du.
Futbol campusa Uharte Arakilen izango da aurten, bi txandatan. Ekainaren 25etik 29ra bitartean 2012, 2013 eta 2014an jaiotako neska mutikoak trebatuko dira, eta uztailaren 1etik 5era 2009an, 2010ean eta 2011n jaiotakoak. Izena ematen dutenak 10:00etatik 13:00etara murgilduko dira futbolean, Maalen Beraza Etxarri eta Aitor Lara Zia monitoreekin. Futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dira, eta inguruan irteerak egingo dira. Campusa aurrera ateratzeko txanda bakoitzean gutxienez 14 parte hartzaile eta gehienez 30 onartuko dira, eta izena eman ahala tokiak betetzen joango dira.
Izena ematea zabalik dago Kirol Zerbitzuan (kirolak@sakana-mank.eus, 683 343 854). Prezioa 35 eurokoa da, eta Mank-eko kontu korrontean egindako ordainketaren agiria aurkeztu beharko da. Campusa antolatzeko Uharte Arakilgo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Mank-ek.
Triatloia, Arbizuko kiroldegian
Futbola bukatuta, triatloiaren txanda helduko da. Sakanako Triatloi kanpusak bi asteko iraupena izango du, uztailaren 8tik 19ra. 8 eta 16 urte bitarteko neska mutilek eman dezakete izena, eta Arbizun izango da. 10:00etatik 12:30era bitartean, Arbizuko kiroldegian egingo dira igeriketa entrenamenduak, eta inguruetan atletismokoak eta txirrindularitzakoak. Monitoreak Maalen Beraza Etxarri eta Oihan Soto Satrustegi izango dira. Bestalde, izena ematen dutenek Mank-ek uztailaren 20an antolatuko duen Sakanako Triatloian parte hartzeko aukera izango dute.
Izena ematea zabalik dago uztailaren 2ra arte edo 25 lekuak bete arte, Kirol Zerbitzuan. Prezioa: 40 euro. Campusa antolatzeko Arbizuko Udalaren, Askalatsen, Sakanako Triatloi Taldearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Mank-ek.