Euskaraldia 2025

Korrikatik Euskaraldira, euskararen aldeko politikei herritarren bulkada

Guaixe 2024ko mai. 15a, 12:56

Euskalgintzako eragileak Baionan elkarrekin agerraldia egin dute. UTZITAKOA

Gaur, maiatzak 15, urte bat falta da Euskaraldia hasteko. Korrika bukatu zen hirian, Baionan, euskalgintzako eragileek euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko dei egin dute.

Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute Baionan gaur goizean. Tartean ziren AEKko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak, Korrika eta Euskaraldia antolatzen dituztenak. Euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, "hizkuntza politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua" behar dugula aldarrikatu dute.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi Korrikako
koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat
irakurri dute. Eskisabelek esan duenez, "herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea".

Elordik adierazi duenez, "euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararendako etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu". Azkenik, Iciarrek nabarmendu duenez, "Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira".