Pilota

Bizkaia Torneoa setetan jokatuko da

Guaixe 2024ko mai. 16a, 09:18

Torneoaren aurkezpena Bilbon egin zen. UTZITAKOA

Joanes Bakaikoak, Joseba Ezkurdiak, Jose Jabier Zabaletak eta Julen Martijak hartuko dute parte formatu berriarekin jokatuko den torneoan

Udako torneoak ate joka daude eta maiatzaren 15ean Bizkaia Torneoa aurkeztu zuten Baiko eta Aspe enpresek. Torneo honetan sei taldek hartuko dute parte, bakoitza lau pilotariz osatutakoa. Batek buruz buru jokatuko du, besteak lau eta erdian, eta gainontzeko biak binaka. Txapelketa ekainaren 1ean hasiko da, Urdulizen, eta abuztuaren 20an despedituko da, Bilboko Aste Nagusian.

Nobedade garrantzitsuarekin dator Bizkaian jokatzen den torneoa, partidak 22 tantora jokatu beharrean setetan edo jokoetan jokatuko baitira. Hain zuzen ere 5 setetan onena den taldeak lortuko du garaipena. Beste modu batera esanda, hiru set edo joko irabazi beharko ditu talde bakoitzak kanporaketa irabazteko. Set edo joko bakoitza sei tantotara jokatuko da, eta bina setera berdinduz gero, bosgarren seta, berdinketa haustekoa, 3 tantora jokatuko da. Enpresek azaldu zutenez, aldaketarekin “berdintasuna sustatu nahi dugu, jokoa lehiakorragoa izatea, eta pilotazaleendako erakargarriagoa izatea”. Pilotariek 22ra jokatzea ohituta daudela adierazi zuten, baina formatu berrira egokituko direla. 

Parte hartuko duten 24 pilotarien artean lau sakandar daude: Joanes Bakaikoa, Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta eta Julen Martija. 

Sei taldeak
-Ganekorta taldean Artola-Imaz binaka ariko dira, Agirre lau eta erdian, eta Senar buruz buru. 
-Sollube taldean Laso-Mariezkurrena (binaka), Peña II.a (lau eta erdian) eta Bakaikoa (buruz buru) ariko dira.
-Kolitza taldean Urrutikoetxea-Albisu (binaka), Jaka (lau eta erdian) eta Artola (buruz buru) lehiatuko dira. Artola buruz buruko finala jokatzeko sailkatuko balitz, Zubizarreta III.ak ordezkatuko luke.
-Oiz taldean Altuna III.a-Rezusta (binaka), Ezkurdia (lau eta erdian) eta Egiguren V.a (buruz buru) ariko dira.
-Gorbeia taldean Elordi-Zabaletak (binaka), Elezkano II.ak (lau eta erdian) eta Salaberriak (buruz-buru) parte hartuko dute.
-Anboto taldean Peio Etxeberria-Martija (binaka), Zabala (lau eta erdian) eta Exposito (buruz buru) lehiatuko dira. 

Ekainaren 1ean Kolitzak Ganekogorta izango du aurkari Urdulizen, eta ekainaren 14an Oiz Anbotoren kontra lehiatuko da Zeanurin. Segidan hasiko dira finalerdiak. Ekainaren 15ean Sollubek Kolitza edo Ganekogorta izango du aurkari Bilboko Deportivon, eta ekainaren 16an Gorbeia Oiz edo Anbotoren kontra lehiatuko da, Mallabian. Finala abuztuaren 20an jokatuko da Bizkaia pilotalekuan, Aste Nagusian. Sarrerak salgai daude dagoeneko.