Maiatzaren 15ean, Palestinarrek Nakba, hondamendia, izendatzen duten eguna da. Izan ere, 1948ko maiatzaren 15ean, duela 76 urte, Israelek jazarpen kanpaina hasi zuen 700.000 palestinarri baino gehiagori etxea kendu edo beraien etxebizitzetatik kanporatzeko. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, Palestina askatu. Israel borrokatu, desnormalizatu eta suntsitu lelopean kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxe parean. "Palestinako lurren okupazioaren akabera, errefuxiatuen itzulera eta preso politiko guztien askatasuna" aldarrikatu zituzten. Horrekin batera, "Palestina osoaren deskolonizazioa eta, beraz, Israelen desagerpena" aldarrikatu zituzten. Aldi berean, Iruñean, larunbatean, eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuten.
Irurtzungo plazan ere elkarretaratzea egin zen. Sakanako Kontseilu Sozialistak deitutako mobilizazioaren leloa Palestina askatu. Israel eta bere mendebaldeko konplizeen kontra izan zen.