Irañetak hartuko du aurten Sakanako Mankomunitateak antolatutako Bizi Festa. Bizikletaren inguruan antolatutako ospakizuna da. Ainara Razkin Barandiaranek hainbat ediziotan parte hartu du eta zer bizi izan duen azaldu digu.
Zer da zuretako Bizi Festa?
Goiz pasa oso polit bat. Aukeratu duten paraje ederren batean egindako bizikleta ibilalditxo bat. Normalean, zirkulu ibilbidea prestatzen dute. Bukaeran halako sorpresa bat izaten dugu: hamaiketako osasuntsua. Gainera, beste herrialde batzuetako jakiekin eginda. Ipuin kontalaria, tailerrak... Bai, goiz pasa polit bat da.
Bakarrik parte hartu duzu?
Familiarekin parte hartu dut, bikotearekin eta haurrekin joan izan gara. Badira urte batzuk parte hartu dugula.
Zerk erakartzen zaitu?
Urtez urte tokiz aldatzeak prestatu duten ibilalditxo hori zer moduzkoa den jakiteko gogoa pizten dit. Urtero toki berri batera joateak badu berea. Gainera, sortzen den familia giroa, umeak-eta. Giro polita izaten da. Ipuin kontalaria eta tailerrak. Gainera, joan zen urtean egindako zozketan sari bat tokatu zitzaigun. Horrek ere haurrak motibarazten ditu.
Zer nolako ibilbidea izaten da?
Oso lasaia. Bi ordu ingurukoa izaten da. Ez dakit zenbat kilometro, baina, nik uste denok egiteko moduko ibilbide egingarriak aukeratzen dituztela.
Eta ondoren zer?
Behin, pneumatikoak berrerabiltzeko tailerra egin zen. Pusketa batzuekin eskumuturrekoak eta lepokoak egiten ibili ginen. Bizikleta konpontzeko tailerra ere polita izaten da. Bizikleta dendako arduradun bat egoten da eta matxura sinpleak nola konpondu erakusten du. Ongi egoten da.
Haurrek zer moduz pasatzen dute?
Gustura, bai, bai. Ibilalditxoa ez da oso luzea, haurrendako egokia da. Eta akaberako sari banaketa pila horrekin pozik egoten dira.
Sakanako toki berriak ezagutzeko aukera izan duzu?
Egia esan, gehienak ezagutzen nituen. Baina aldea da bizikletaz egiteko aukera hori.
Zergatik parte hartu beharko lukete sakandarrek?
Kirola sustatu nahi dute, giro lasaian, baita euskararen erabilera ere. Gainera, kulturartekotasun hori ere badago. Aukera polita da hiru esparru horiek giro onean bulkatzeko. Eta goiz polit bat pasatzeko.
Zerbait egin behar da aurretik? Entrenatu, izena eman...
Ezer ez baduzu egiten, pixka bat entrenatzea, aurretik bizikleta gainean jartzea komeni dela uste dut. Bestela, ez. Eta izena bai eman behar da, bai. Maiatzaren 21era arte eman daiteke izena Sakanako Mankomunitatean.