BTT

Basamortuko bi titan sakandar

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 23a, 14:00

Mikel Ariztegi, taldea basamortuan barna gidatzen. KOSNER-SALTOKI HOME

Euren bigarren Titan Desert Morocco osatu dute jarraian Javier Borregak eta Mikel Ariztegik. Marokoko basamortuan barna 590 kilometroko ibilbidea egin zuten apirilaren 28tik maiatzaren 3ra, "esperientzia gogor, zoragarri eta ahaztezina"

Maiatzaren 27an Bartzelonatik Marokora abiatu ziren Javier Borrega Perianez altsasuarra eta Mikel Ariztegi Galarza iturmendiarra. Joan zen urtean Skoda Titan Desert Morocco 2023 basamortuko BTT proba gogorrean parte hartu zuten lehenengoz, eta iazko balentria errepikatzeko asmo berberarekin igo ziren hegazkinera. Kosner-Saltoki Home taldearekin joan ziren atzera ere, probako talde indartsuenarekin. "Iaz bizikleta munduko ezagunek Kosner-Saltoki Home taldearekin bat egitea proposatu ziguten, Titan Deserten parte hartzeko. Animatu ginen, munduko BTT probarik gogorrenetakoan aritzea ametsa delako, eta Titan Desert bukatzea lortu genuen. Aurten ez genuen errepikatzea aurreikusten, baina berriro gonbidatu, eta bigarren Titana despeditzea lortu dugu" aipatu du Borregak. "Ez ginela itzuliko esan genuen eta hara; ez dakigu ezetz esaten" dio, irribarrez, Ariztegik. 

Kosner-Saltoki Home
Kosner-Saltoki Home taldearekin 62 txirrindulari joan ziren aurten Skoda Titan Desert Morocco 2024ra. "%90 joan zen urteko taldekideak ginen". Taldean proba irabazteko faborito nagusienak zeuden, eta baita amateurrak ere, sakandarren kasua. Faboritoetan, Luis Leon Sanchez, aurtengo Titaneko txapeldun handia, Oscar Pereiro, Sylvain Chavanel eta Miguel eta Pruden Indurain txirrindulari ohiak zeuden, BTT munduko profesional handiekin batera, 2021ean eta 2022an Titan Desert irabazi zuen Konny Looser, esaterako, edo Iosu Torres eta Ainara Elbusto, binakako mistoan garaile izan zirenak. "Batzuek irabaztera doaz, eta gainontzekoak abentura eta esperientzia bizitzera. Disfrutatzeko eskatzen digute". 

Titan, urtero ezberdina
Maiatzaren 28an Boumalne Dades-en hasi zen Titan Desert, Atlasen, eta sei etapa eta gero Maadiden despeditu zen, maiatzaren 3an, dunen ondoan. Tartean, Marokoko basamortuan barna 590 kilometro gogor, 6.000 m baino gehiagoko desnibela eta 6 egun eta 6 gau ahaztezin. "Bezperan GPS lokalizatzaileak jaso genituen. Beti monitorizatuta egon beharra dago, galdu, matxuratu edo zer gerta". 

Titan Desert urtero ezberdina da. Basamortu berean egiten da, baina ibilbideak urtero aldatzen dira. Horrek egiten du berezi. Ez da ohiko lasterketa bat, ez du ibilbide zehaztua. Etapa bakoitzean antolakuntzak zehaztutako zenbait puntuetatik pasa behar dira bikerrak, baina puntuen arteko tartea nahi bezala egin dezakete. Hor kokatzen dira ibilbidea laburtzeko taldeen estrategiak. "Titan, Paris Dakarrean oinarrituta dago, eta antzekoa da: nabigazioa da bere berezitasunetako bat. Mendi bizikleten abentura raida dela esan daiteke". Nolanahi ere, ibilbidea planifikatzeko ez dute tarte handirik. "Ibilbide guztiaren tracka Titan hasi baino astebete lehenago jaso genuen; etapa bakoitzean gainditu beharreko puntuak, egun bat lehenago ematen zizkiguten; eta puntu horietako bat probaren egun berean esaten ziguten, goizeko 6:00etan. Beraz, horrela ez da erraza nabigazioa aurretik planifikatzea. Hartu beharreko erabaki horietan, galtzeko arriskua dago, baina baita distantzia laburtzekoa ere. Ardura handia da". Lehen etapan Luis Leon Sanchezek 10 minutu galdu zituen arerioek bide azkarragoa hautatu zutelako. "Berarendako ere nabigazioa berria zen. Eskerrak motor bikaina duela eta hurrengoetan buelta eman ziela". 

Beroari aurre egin
Ibilbidea ezberdina zenez, joan zen urteko eta aurtengo Titan Desertak ezin dira alderatu, (iazkoak 627 km zituen) baina aurtengoa joan zen urtekoa baino suabeagoa izan dela esaterakoan ados dago bikotea. Esperientziagatik baino, aurten bero gutxiago egin duelako. "Joan zen urtekoa demasa izan zen. 48 graduko tenperatura izatera heldu ginen. Aurten, gehienez 37-38 gradukoa izan da, eta fisikoki asko nabaritu dugu. Hobeki ibili gara. Lehendabiziko bi etapak, Atlaseko goi mendikoak, nahiko freskoak izan ziren" dio Borregak. "Probaren gogortasunaren barruan, gustura ibili gara, eta hobeki, beroa eramangarriago izan delako. Hobeki errekuperatzen ginen aurten" ados Ariztegi. 

Javier Borrega: "Iaz 48 gradu izan genituen, demasa, eta aurten 38; hobeki ibili gara"

Joan zen urteko beroa "izugarria" izan baitzen. Jende asko gaixotu zen, deshidratatuta, eta arazo gastriko handiak izan ziren. "Etapa bakoitzean gutako bakoitzak 3 litro ur eramatea derrigorrezkoa da. Nahiz eta gogorik ez izan, ur asko edan behar da. Ibilbidean bi toki daude ur gehiago hartzeko. Eta jatea ere, garrantzitsua da, 45 minututik behin zerbait hartzea, helmugara iritsi eta ongi errekuperatzeko". Kosner-Saltoki Home taldean jarraibideak ematen dizkiete. "Oso ongi prestatutako taldea da, adituak dira. Ongi zainduta eta babestuta egon gara, motibatuta eta gustura" zehaztu du Ariztegik.

Basamortuko paisaiak
Basamortuak eremu ezberdinak ditu. Lehendabiziko etapetan, Atlas aldean, pistak zeuden, oso harritsuak eta arriskutsuak. Ondorengo etapetan lehortutako lakuetan eta gune hondartsuagoetan ibili ziren. "Laku lehorretan lurrean harri pila bat daude, arantzaz betetako sasi asko, eta ez dago biderik. Bizikletan ibiltzeko deserosoa da, etengabeko boteekin gorputzak asko sufritzen du". Ondoren, hareazko guneak iritsi ziren, dunak, "basamortuko bereziena. Teknika berezia eta ona behar da dunetan ibiltzeko; ez da erraza. Gurpilei presioa kendu behar zaie, airea kendu". Borregak aitortu du joan zen urtean dunetan ibiltzea "bizikletarekin bizi dudan esperientzia zirraragarrietako bat" izan zela, "hare gainean surfeatzea bezalakoa". Aurten, aldiz, ez da horren polita izan. "Iaz baino beranduago sartu ginen dunetan, eta tenperatura handiagoa zenez, dunak ez zeuden horren gogorrak; gainera, haizeak aurpegian jotzen gintuen, eta ezinezkoa zen duna guztia takadan igotzea. Bizikletatik jaistea sarritan tokatu zitzaigun, eta aurrera egitea gogorra zen". Etapa guztiak egin zaizkie gogorrak, bakoitza bere berezitasunekin. 

Mikel Ariztegi: "Titan Desert serioa da gero; proba bukatzeak meritu handia du"

Basamortuko paisaia "zoragarria" dela diote. "Bizikletarekin, autoz edo oinez iristea ezinezkoa den tokietara heldu zaitezke, eta, alde horretatik, asko ikusi dugu" dio Ariztegik. Hirugarren eta laugarren etapa maratoia izan zen, eta egun horretan ez zuten asistentziarik izan. Normalean antolakuntzak prestatutako haimetan lo egiten zuten, baina gau horretan soilik alfonbra bat zuten zain. Beharrezko guztiak (lo zakua, estera, eta bi etapetako janaria) motxilan eraman behar izan zituzten, gainean. "Maratoia nahiko ongi joan zen, iaz baino hobeki. Nabigazioan ere ongi moldatu gara. Ni beste zazpi bikerrekin batera ibili naiz, antzeko maila zutenekin, eta oso gustura. Konpainia garrantzitsua da" ziur dago Ariztegik. 

Iaz lortutako esperientzia lasaitasunean nabaritu dute bereziki. "Badakizu nora zoazen, zer egin behar duzun, eta nora jo. Horrek lasaitasuna ematen du" argi du Borregak. Baina, guztiaren gainetik, gorputzak eutsi behar du. "Nahiz eta oso ongi entrenatuta etorri, hau abentura hutsa da, eta hainbat faktore gerta daitezke: gorputzak huts egin ahal dizu, gastroenteritisak direla, birusak, bero kolpeak, erorikoak, matxurak... Zorionez, ez dugu aparteko arazorik izan" dio Ariztegik.

Esperientzia ikaragarria
Bien helburua Titan Desert bukatzea zen, eta taldekideekin esperientzia polita bizitzea. Baita lortu ere. Irteera hartu zuten 427 bikerren artean Javier Borrega 38. sailkatu zen (24:35:51), eta Mikel Ariztegi 240. (32:50:40). "Ez nuen halako sailkapena espero; uste nuen joan zen urtean egindakoa asko zela, eta aurten pixka bat hobeki aritu naiz. Eroriko bat izan nuen eta lasterketak pixka bat ihes egin zidan, baina ez nuen minik hartu eta oso kontentu nago" dio Borregak. 

"Halako lasterketa bat serioa da gero, eta bukatzeak meritu handia du. Gainera, ongi aritu gara, iaz baino hobeki, beroarengatik. Egindako entrenamendu gogorrak merezi izan du, gorputzak ongi eutsi dio. Sekulako bizipena izan da, ikusgarria. Bertan ez bazara egon, nolakoa den zaila da azaltzea" uste du Ariztegik. 

Kosner-Saltoki Home-k 27.000 euro lortu ditu Titan Deserten ELA-ren kontrako Luzón fundazioarendako. Taldeak La Pinedan egin zuen kontzentrazioan Juan Carlos Unzue ezagutzeko aukera izan zuen

Izarrak, oso gertukoak
Kosner-Saltoki Home taldean, guztiek zuten harremana. "Alde horretatik ere esperientzia bikaina izan da txirrindulari izar handi hauekin bazkaltzea edo elkarrekin bidea egitea. Zorte handia da talde indartsu batekin joan ahal izatea. Miguel Indurain aurretik ezagutzen nuen, jator askoa. Pruden aurten ezagutu dut, eta zenbait etapatan bidaide izan dut: ordu asko egin ditugu elkarrekin. Luis Leonekin sorpresa hartu dut. Txirrindulari ikusgarria da, baina pertsona hobea" argi du Borregak. 2025ak zer ekarriko duen, nork daki.