Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, Zubiak eraikiz, auzolanean lemapean elkartu zituen bere kideak Lesakan larunbatean, Udalerri Euskaldunen Egunean. Festa eta aldarrikapena uztartu zituen egunean udalerri euskaldunen ekarpena aitortu zen. Goizean UEMAren batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik. Batzarrak oniritzia eman ziren lau udalen eskaerari eta UEMAko kide bihurtu ziren. Horien artean daude Lakuntzako eta Bakaikuko udalak. Beraz, UEMA 111 udal izatera iritsi da. Guztien artean 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira udalerri euskaldunak, biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.
Erakunde ekitaldia plazan egin zuten, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin. Horien babesarekin deialdi argia egin zuen UEMAko lehendakari Martin Aramendiak hartu zuen hitza, eta udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria direla nabarmendu du: "etorkizun hori euskalduna eta sendoa izan dadin lanean ari gara aspaldidanik, eta gero eta zabalagoa da elkarlana, bai euskalgintzarekin, eta baita gainerako erakunde publikoekin ere". Gaineratu zuenez, "guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Baita euskararen aurkako erasoak ere. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan".
Bestalde, Lesakako alkate Ladis Satrustegiren hitzen ondoren, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu dute UEMAk eta Lesakako Udalak.
UEMA batzar nagusian zegoen bitartean, euskara taldeen topaketa izan zen, euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak aztertzeko. Horretarako, euskara taldeen lana ezagutzea eta elkarren berri izatea garrantzitsua iruditu zaie antolatzaileei, eta lan-saio praktikoa antolatu dute Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren laguntzarekin. Hasieran gaur egungo egoeraren diagnostiko laburra azaldu zuten, eta ondoren erronka berriei heltzeko gakoak aztertu dituzte, saretzeko moduekin batera.