Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzarra egin zuen Lesakan larunbatean. Eta han lau kide berri onartu zituzten, tartean Lakuntzako eta Bakaikuko udalak. Beraz, Sakanan dagoeneko bost udal daude euskararen biziberritzea helburu duen erakunde horretan. Izan ere, aurretik UEMAko kide dira Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranazko udalak. 20.541 sakandarretatik bost herri horietan 5.406 bizi dira, hau da, ibarreko populazioaren %26,31.
UEMAn sartzeko herriko biztanleriaren euskararen ezagutza indizea %70 baino handiagoa izatea da baldintza. Indize hori herri bakoitzeko euskaldun kopuruari ia euskaldun direnen erdia gehituta kalkulatzen dute. Euskal Herrian gaur egun hala 175 herri daude, eta haietatik 111 daude UEMAn. Guztira 346.000 biztanleko eremu euskalduna osatzen dute. Erakundean sartzeko baldintzak betetzen dituzten Sakanako udalerriak Ergoiena eta Urdiain dira.
Hitzarmena
Lesakan bertan Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak, eta UEMAk hitzarmena sinatu zuten. Akordioari esker herrietan euskararen erabilera soziala sustatzeko programak eginen dituzte, esate baterako: eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea, atzerritarrei ongietorria egiteko protokoloak sortzea, hizkuntzaren garrantzia kontuan hartuta, edo kulturartekotasun programak garatzea. Hitzarmenak udalen euskalduntzea sustatzeko ere balioko du, langileen prestakuntza bultzatuz, errotulaziorako edo aholkularitza juridikorako eta itzulpengintzarako baliabideak eskainiz.
Bigarren urtea da bi aldeek halako akordioa sinatzen dutena. Euskarabideak jarduerak garatzeko 40.000 euro bideratuko ditu. Javier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak hitzarmena erakundearen ardatz estrategikoen barruan kokatzen dela azpimarratu zuen. Euskarak "espazio sozial propioak" izatearen garrantzia azpimarratu zuen eta, horretarako, arnasguneak ezinbestekoak direla aipatu zuen: "arnasguneak izeneko udalerri eta eskualde euskaldunak, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen tokiak direlako, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzen dutenak eta Nafarroako kultura-aniztasunari laguntzen diotenak".