Gero eta euskaldunagoak, baina...

Guaixe 2024ko mai. 30a, 09:33

Etxarriarrak plazan. ARTXIBOA

Nastatek zabaldutako datuen arabera, azken 35 urtetan gora egin duten euskaldunen eta euskaldun hartzaileen ehunekoak. Udalerri euskaldunenetan erdalduntzeko joera dago, eta udalerri erdaldunenetan, berriz, gero eta euskara ezagutza handiagoa dago.

Nafarroako Gobernuko Nafarroako Estatistika Erakundeak, Nastatek, euskaren ezagutzari buruzko datuak plazaratu ditu, 2022. urteari dagozkionak. Lan horren arabera, nafarren %15,1 euskalduna zen, %11,6 euskaldun hartzailea eta %73,3 ez euskalduna. Kategoriei dagokienez, euskalduna da euskara ondo ulertzen eta hitz egiten duen pertsona. Euskaldun hartzailea, berriz, euskaraz nekez ulertzen eta hitz egiten duen pertsona, edo ondo ulertzeko gai dena, baina ez duena hitz egiten edo nekez egiten duena. Eta, azkenik, ez euskalduna da euskaraz hitz egiten eta ulertzen ez duen pertsona.

Nastaten arabera, Sakanan %20tik %50era bitarteko euskaldun kopurua duten udalerriak dira Altsasu, Arakil, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Olatzagutia eta Ziordia. %50etik %80ra bitarteko euskaldun kopurua dutenak, berriz, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Urdiain dira. Azkenik, Ergoiena dago, %80tik gorako euskaldun kopurua duena. 

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikari Castillo Suarez Garziak gaztigatu duenez, "Biztanleriaren eta Etxebizitzen Erroldetan 2011ko edizioaz geroztik izandako aldaketa metodologikoen ondoriozko informazio-hutsuneak ekarri du hizkuntzen ezagutzari buruzko informazioa galdetegi osagarriaren bitartez jasotzea. Beraz, 2011tik aurrera, eta bereziki 2021ean eta 2022an, datuak jasotzeko modua aurreko urteetan erabilitakotik desberdina da". Horregatik ez dugu beste urteetako datuekin konparatuko. 


Ihebardarrak kalean. ARTXIBOA

Joera nagusiak 
Euskara teknikariak azaldu duenez, "igoera nabarmena egon da euskaldunen eta euskaldun hartzaileen artean Altsasun, Arakilen, Irañetan, Irurtzunen, Iturmendin, Olatzagutian, Uharte Arakilen eta Ziordian. Igoerarik nabarmenena Ziordian izan da. Udalerri horietan guztietan ez-euskaldunen ehunekoa txikitu da". Bestetik, “euskaldunen ehunekoaren igoera txikia nabaritu da Lakuntzan. Gainera, euskaldun hartzaileen ehunekoa jaitsi da eta ez-euskaldunen ehunekoa handitu”, azaldu du Suarezek. Bestalde, hainbat udalerritan euskaldunen ehunekoa jaitsi da: Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Ergoiena eta Etxarri Aranatz. "Herri horietan euskaldun hartzaileen ehunekoa handitu da. Nolanahi ere, esan behar da euskaldunen jaitsiera ez dela udalerri guztietan tamaina berekoa izan, nabarmenagoa izan baita Arbizun, Bakaikun eta Ergoienan, Arruazun, Etxarri Aranatzen eta Urdiainen baino".

Adinari dagokionez, udalerri guztietan adin tarterik euskaldunena 29 urtetik beherakoena da. Euskaldun hartzaileei dagokienez, udalerri gehienetan 30etik 54 urte bitarteko adin tartean daude ehunekorik handienak. Salbuespenak honako udalerriak dira: Etxarri Aranatz, Irurtzun, Iturmendi eta Lakuntza. "Etxarri Aranatzen, Iturmendin eta Lakuntzan euskaldun hartzaileen ehunekoa handiagoa da 55 urtetik gorakoetan 30etik 54 urte bitartekoen artean baino. Irurtzunen, berriz, gehiago dira euskaldun hartzaileak 29 bitartekoen artean 30etik 54 urte bitartekoen artean baino", azaldu du euskara teknikariak. Ez-euskaldunei dagokienez, ehunekorik handienak 55 urtetik gorakoen artean daude. Salbuespena dira herririk euskaldunenak: Arbizu, Arruazu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Urdiain. Horietan ez-euskaldunen ehunekorik handienak 30etik 54 urte bitartekoen artean daude.

Sexuari dagokionez, oso antzekoak dira gizonezkoen eta emakumezkoen ehunekoak euskaldunen artean. Suarezek jakinarazi duenez, "alderik handiena Irañetan sumatzen da. Udalerri horretan emakumeek gizonezkoek baino ehuneko nabarmen handiagoan egiten dute euskaraz". Euskaldun hartzaileen artean ere parekoak dira emakumezkoen zein gizonezkoen ehunekoak. "Salbuespena Arruazu eta Irañeta dira. Izan ere, euskaldun hartzaileen ehunekoa nabarmen handiagoa da gizonezkotan emakumezkotan baino", argitu du Suarezek. Bukatzeko, eta ez-euskaldunei dagokienez, Arruazu aipatu du: "emakumezko ez-euskaldunen ehunekoa handiagoa da gizonezkoena baino. Gainerako udalerrietan datuak paretsuak dira".

Ondorioak 
Datuen bilakaera ikusita, teknikariak esan duenez, "Sakana gero eta euskaldunagoa dela. Oro har hazi egin dira euskaldunen ehunekoak zein euskaldun hartzaileenak azken 35 urtetan". Hala ere, ibarreko udalerrien artean dagoen "aniztasunari" ere erreparatu dio: "datuetan ikusi dugunez, oro har, herri erdaldunenen joerak eta herri euskaldunenenak kontrajarriak dira euskaldunen kopuruaren bilakaerari dagokionez. Beraz, hasierako baieztapen horrek ñabardurak ditu".

Jakina da hizkuntzak bizirauteko eta indartzeko arnasguneak behar dituela, hau da, nagusiki euskaraz egiten diren udalerriak. Baina, hainbat faktore tarteko, "udalerri horiek erdalduntzeko joera agerikoa da Euskal Herri osoan". Bestetik, Suarezek esan duenez, "kontuan izan behar dugu euskaldun hartzaileak hobeki moldatzen direla erdaraz euskaraz baino. Euskaraz hobeki moldatzen direnak hizkuntzari atxikitzen zaizkio, baina beste hizkuntza batean hobeki moldatzen direnendako esfortzu bat da euskaraz egitea. Izan ere, errazago moldatzen garen hizkuntza erabiltzeko joera dugu". Aldi berean, nabarmendu duenez, "badago euskaraz errazago egiten duten hiztunen artean erdara erabiltzeko nolabaiteko joera: hitzak edo esaldiak han eta hemen". Bestetik, "badira haien seme-alabak euskaraz heztea erabaki duten gurasoak, nahiz eta errazago moldatu erdaraz. Gure helburua da haur horiek helduak direnean ere eroso bizi daitezela euskaraz".

Mende hasieratik euskararen biziberritze prozesua ez aurrera ez atzera dabil. "Horretarako hainbat arrazoi daude: aldaketa demografikoak (jaiotze tasa, migrazio fluxuak…), globalizazioa eta bere ondorioak (ingelesaren nagusitasuna, kultur kontsumoa, Internet…) eta urteetan ezarri diren hizkuntza-politikak. Ez dirudi joera horiek epe motzean aldatuko direnik", azaldu du euskara teknikariak. "Garbi dagoena da euskarak lehentasunezkoa izan behar duela gure eguneroko jardunean eta tokiko eta Nafarroako politiketan. Eta hori ez da edo dugu beti egiten", gaineratu du.


Irurtzundarrak plazan. ARTXIBOA

Helburua
Euskaldun gehiago izatea, helburu horixe markatu du Suarezek. "Gainera, euskaraz erdaraz baino hobeki moldatuko diren euskaldunak nahi ditugu. Euskaldun hartzaileek, zein euskaldunek, euskara erabiltzeko espazioak sortzea eta bermatzea dagokigu erakunde publikoei, horrela beren gaitasuna hobea izanen da eta, bidenabar, erabilera ere".

Iñaki Iurrebaso soziologoak plazaratutako tesia laburbildu du Suarezek: "euskaldunek eta euskaldun hartzaileek daukaten ezagutza mailari 'dagokion' erabilera baino altuagoa dute. Iurrebasok ematen duen azalpena da euskal hiztunek euskararekiko atxikimendu edo leialtasun handia erakusten dutela. Hori da, hain zuzen, euskararen bizi iraupenaren funtsa".

Sakanan azkeneko kale neurketako datuak ekarri ditu gogora teknikariak: kaleetan topatutako pertsonetatik %24,3 euskaraz ari zen hizketan; gainerakoak gaztelaniaz (%73,0), frantsesez (%0,1) eta beste hizkuntza batzuetan ari ziren hizketan (%2,6). "2016tik 2021era, bestalde, ez da aldaketarik sumatu euskararen erabileran". Baina udalerrietako datuak ikusita, eta bost urteko bilakaerari erreparatuta, goranzko joera dago Arbizun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Irurtzunen eta Olatzagutian; antzeko datuak Iturmendin eta Uharte Arakilen, eta apalagoak Urdiainen eta Altsasun.
Suarezen iritziz, "euskarari dagokionez nolabaiteko lasaitasuna dago. Euskaldunak gero eta gehiago direnez, eta, salbuespenak salbuespen, erabilerak ez duenez behera egin, euskara 'salbatua' dagoela uste gurean" Gaineratu duenez, "hainbat politikariren artean oso hedatua dago beste ideia bat: aurrekontua handitzea edo aurrekontu duina izateak bermatzen du hizkuntza politika hobea. Eta egia da euskarak dirua behar duela, baina aldeko araudia eta erabaki ausartak ere behar ditu". Nabarmendu duenez, "bitartean, erdarak gero eta toki handiago du gure bizitzetan, eta gero eta errazago onartzen dugu, eta hemen ere, zorionez, salbuespenak daude, mendizain eta mediku erdaldunak, gaztelaniazko antzezlanak eta pelikulak, eta dendetako errotuluak eta oharrak euskaratu gabe. Eta aipatutako horiek guztiak ez dira globalizazioaren ondorioak".