Herri galdeketa bidez erabaki da Bakaikun eta Iturmendin Trinitate ospakizunak domekatik larunbatera pasatzea, eta hala ospatu zuten maiatzaren 25ean. Herrietako ospakizunen datak zehazteko askotan erabili dira Sakanan herri galdeketak. Baina toki erakundeek formula hori beste gai batzuen inguruan erabakia hartzeko erabili izan dute ere, proiekturen baten inguruko iritzia jasotzeko edo ordenantzen inguruan. Ohikoa bihurtu da ere herriko festei hasiera ematen dien etxajua zeinek piztuko duen erabakitzeko herri galdeketa egitea. Edo festetako kartel iragarleak aukeratzeko egiten diren galdeketak. Udal edota kontzejuetako hauteskundeetako zerrendetan egonen direnak aukeratzeko ere herri galdeketak egin izan dira hainbat herritan.
Herri mugimenduek ere baliatu dituzte. Esaterako, AHT gelditu! Elkarlanak Abiadura Handiko Trenaren kontrako galdeketak egin izan ditu eta Autopista Elektrikorik Ez! plataformak, berriz, goi tentsioko argindar linea proiektuen inguruan egin izan du. Bestalde, gobernuek antolatu nahi izan ziren galdeketak debekatu izan dituzte, esaterako: Irurtzungo Udalaren AHTri buruzkoa 2010ean, Etxarri Aranazko Udalaren independentziari buruzkoa 2014an edo Utzi Bakean Sakana plataformaren estatuko segurtasun indarren presentziaren inguruan ibarrean 2001ko azaroaren 25ean egin nahi izan zuena.
Herri galdeketak
1980 Etxarri Aranatzen, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2000-02-06 Etxarri Aranatzen, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2007-02-25 Iturmendin, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2009-05-10 Lizarragabengoan, AHTri buruzkoa, AHT gelditu! Elkarlanak antolatuta.
2009-05-17 Arbizun, AHTri buruzkoa, AHT gelditu! Elkarlanak antolatuta.
2009-10-04 Altsasu, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2010-02-28 Irurtzun, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2013-06-16 Errotzen, Urritzolan, Zuhatzun, Satrustegin, Hiriberri Arakilen eta Ihabarren, goi tentsioko linea proiektuari buruzkoa, Autopista Elektrikorik Ez! Plataformak antolatuta.
2014-04-13 Etxarri Aranatzen, independentziari buruzkoa, A13 herri ekimenak antolatuta.
2015-03-29 Altsasun, festen datari buruzkoa, udalak antolatuta.
2016-01-24 Unanun, obra hondakin kudeaketa proiektu bati buruzkoa, kontzejuak antolatuta.
2016-06-18 Irurtzunen, Irañetan, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian independentziari buruzkoak, Gure Eskuk antolatuta.
2016-11-27 Bakaikun, independentziari buruzkoa, Gure Eskuk antolatuta.
2019-07-21 Bakaikun, auzolan ordenantzari buruzko galdeketa, udalak antolatuta.
2022-05-14 Altsasun, Estatuaren forma monarkia eta errepublika izan behar duen jakiteko, Estatuko Monarkia ala Errepublika Herri Kontsultaren Plataformak sustatuta.
2023-03-28 Arbizun, plazan estalpe finkoa jarri edo ez erabakitzeko, udalak antolatuta.
2023-12-1etik 3ra Lakuntzan, plazan estalpe finkoa jarri edo ez erabakitzeko, udalak antolatuta.
2024-04-10etik 13ra Bakaikun eta Iturmendin, Trinitate festaren datari buruzkoa, udalek antolatuta.