Europako hauteskundeak bost urtetik behin egiten dira. Europar Batasuneko 27 estatuetako 450 milioi biztanle daude boto ematera deituta. Europako hauteskundeak garagarrilaren 6 eta 9 bitartean eginen dira 27 herrialde horietan. Sakanan garagarrilaren 9an izanen dira, domekarekin, eta hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara egonen dira. Hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi eta koalizioak botoa eskatzeko aukera dute gaurtik garagartzaroaren 7ra arte. Guztira 34 hautagaitza aurkeztu dira hauteskundeetara.
Europako Parlamentuan gehienez 750 diputatu, eurodiputatu, egon daitezke. Aurreko legegintzaldian 705 izan ziren eta oraingoan 720 hautatuko dira. Europar Batasuneko herrialde bakoitzak aukeratutako eurodiputatuen kopurua hauteskunde bakoitzaren aurretik adosten da, eta "proportzionaltasun beherakorraren" printzipioan oinarritzen da. Horren arabera, herrialde handi bateko eurodiputatu bakoitzak herrialde txiki bateko eurodiputatu batek baino pertsona gehiago ordezkatzen ditu. Europar Batasuneko herrialde bakoitzak Europako Parlamenturako 6 diputatu izan ditzake gutxienez, eta 96 gehienez. Espainiak 61 diputatu aukeratuko ditu eta Frantziak 81.
Behin Europako Parlamentua osatu ondoren, eurodiputatuen egitekoak dira: Europar Batasunerako lege berrietarako planak aztertzea; legeak aldatzen dituzte, hobetzeko; Kontseiluarekin batera Europar Batasuneko aurrekontua erabakitzen dute; Europar Batasunak nola funtzionatzen duen kontrolatzen dute; Europar Batasunekoak ez diren herrialdeekin egindako merkataritza akordioei buruz bozkatzen dute eta Europako Batzordeko presidentea aukeratzen dute.
Egitura
Europako Parlamentua
Europar Batasuneko herritarren interesak ordezkatzen ditu. Europar Batasuneko herritarren interesak ordezkatzen ditu. Parlamentuaren zeregina da Batzordeko lehendakaria aukeratzea eta datozen bost urteetan batasuna zuzenduko duten komisarioen taldea onartzea. Botere legegilea beste hiru erakunderekin partekatzen du. Honakoak:
Europako Kontseilua
Herrialdeen interesak ordezkatzen ditu. Estatu kideetako gobernuburuek osatzen dute, eta Batasunaren garapenerako behar den bultzada ematen du eta haren norabide politiko orokorrak zehazten ditu. Batzordeko lehendakaria Europako Kontseiluko kide ere bada, boto-eskubiderik gabeko kide gisa.
Europar Batasuneko kontseilua
Herrialde bakoitzeko gobernuetako ministroek osatzen dute.
Europako Batzordea
Estatu kide bakoitzeko ordezkari bat independentez osatutako komisarioen elkargo batek osatzen du. Europar Batasuneko gobernu gisa aritzen da. Botere betearazlea da, eta Europar Batasuneko legeria eta eguneroko funtzionamendua proposatzeaz eta aplikatzeaz arduratzen da; legegintzaz eta aurrekontuez arduratzen da. Horretaz aparte, aurrekontua gauzatuko du, eta koordinazio eginkizunak ere betetzen ditu. Ursula Von der Leyen da presidentea.
Egiturako gainerako erakundeak
- Europar Batasuneko Justizia Auzitegia
- Europako Banku Zentrala
- Europako Kontuen Auzitegia