EH Bilduko Europako hauteskundeetarako zerrendako hautagaiak Euskararen eta euskal kulturaren gaiari heldu dio gaurkoan. Esan duenez, "Euskal Herrian eta Nafarroan ongi dakigu gure bizitzan zehar behin baino gehiagotan aurrea hartu behar izan dugula gurea dena defendatzeko. Gure hizkuntza, euskara, sarri izan da gure aldarrikapen nazionalen arrazoietako bat. Eta Europako hauteskunde hauek beste aukera bat dira horretarako, euskara eta Euskal Herria defendatzeko".
Gazteluk nabarmendu duenez, "euskara, gure hizkuntza, Europako hizkuntza zaharrena, makina bat aldagaik baldintzatutako egoeran bizirautera behartuta dago. Gero eta globalizatuagoa den munduan, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batek babes egitura handiagoak behar ditu". Gaineratu duenez, "instituzioek zeresan handia dute horretan, udaletatik hasi eta Europa mailakoetaraino. Europako instituzioetan hartzen diren erabakiek ere eragiten dutelako euskararen bizirautean".
Orain Errepublikak hautagaitzako kideak nabarmendu duenez, "aldaketek euskararen etorkizuna baldintzatzen dute. Eta gurea bezalako hizkuntza minorizatu batek bestelako babes neurriak behar ditu. Euskara ez da museotan edo kristalezko kutxetan erakusteko. Euskara hizkuntza bizia da, eta horrela izan behar du. Kalean, eskolan, lantokian, etxean, pantailetan... Hori horrela izateko bermea izango da EH Bildu".
Koalizioko kideak azaldu duenez, "Nafarroan defendatzen dugun gisan, Euskara Europar Batasunaren hizkuntz ofizial izendatzearen alde lan egingo dugu. Horren ondorioz, euskara beste hizkuntza ofizialen maila berean egongo litzateke eta Europar Batasuneko kultur promozioa, ikus-entzuneko sorkuntza eta bestelako gaietan beste hizkuntza guztien trataera berdina jasoko luke, diru-laguntza eta aukerei dagokionean". Gazteluk esan duenez, "euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskaldunak gara, eta harro gaude horretaz. Euskaldunak garela erakutsi eta defendatzen dugu, mundu zabaleko txoko guztietan".