"Andra Mari Ikastolak argi zeukan Nafarroa Oinezi bere ekarpena egin nahi ziola, eta 2009an bi proiektu handi sortu zituen: Txikiak Handi hizkuntza gutxituen inguruan eta Oinez Basoa". Iñigo Orella Etxarri Aranazko ikastolako zuzendariak azaldu zuenez, garaiko Patxi Lakuntza ikastolako gurasoaren hausnarketa batetik sortu zen baso bat sortzearen ideia: "Ikastolen barruan hausnarketa bat egin zen. Festak oso ongi daude, denok oso ongi pasatzen dugu, baina hala ere ondorio negatiboak ditu eta horietako nagusiena da ingurumenari egiten diogun kaltea da". Gaineratu duenez, ez da bakarrik Nafarroa Oinez festan sortzen diren hondakinak eta abar, "baizik eta urtean zehar aurrera eraman ahal izateko uzten dugun aztarna ekologikoa ere".
Modu batera edo bestera festak antolatzea sortzen zuen eragin hori "konpentsatu" behar zutela pentsatu zuten, "eta orduan Oinez Basoa egitearen edo garatzearen ideia" sortu zen. Helburu nagusia euskara naturarekin eta ingurugiroarekin lotzea da, "eta pertsonek, lagunek eta zuhaitzak babestuz euskarari, ikastolari eta ingurumenari haien ekarpena egitea". Duela hamabost bat urte horrela sortu zen ideia, eta urteekin garatzen joan dela esan du Orellak: "Mota desberdinetako ideiak eta basoak sortu dira". Baita ikastoletan "lantzeko eta kontzientzia sortzeko" baliabideak sortu dira ere, "ardura ekosoziala" sortzeko.
Oinez Basoak
Etxarri Aranazko Nafarroa Oinez ospatu ondoren, Paz de Zigandak hartu zuen lekukoa, "eta adibidez erabaki zuten guk sortutako baso berean proiektuak garatzea". Beraz, urtero ez dira baso berriak sortzen, baina Nafarroan zehar hamaika baso sortu dira Nafarroa Oinezen baitan eta,guztira, 51.000 zuhaitz inguru landatu dituzte. Bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu: "Nafarroa oso anitza da, eta beharrak eta basoak ere oso askotarikoak dira. Ez da berdina Ebro bazterrean baso bat sortzea edo gurean sortzea".
2023ko Nafarroa Oinezen antolakuntza hartu zutenean, baso berri bat egitea eta lehenengoaren proiektua berriz hartzea erabaki behar izan zuten. "Hasieran sortutako horretan buelta bat ematea erabaki dugu, proiektu horretan bakoitza eta hobekuntza batzuk inplementatzea". Proiektuarekin 2022ko udaberrian hasi zirela gaineratu du Aitor Zubieta ikastolako guraso eta basoaren kudeaketa taldeko kideak.
Nafarroako lehenengo Oinez Basoa, beraz, Arbizun dago. "Ideia sortu zenean, 2008an, Arbizuko Udalari planteatu zitzaion kontua eta, esan behar da, Arbizuko Udalak hasiera-hasieratik ideia ikusi zuela, eta harrera izugarri ona egin ziola. Proiektuan guztiz inplikatu da". Ikastolari lur eremu komunal baten zesioa egin zion. "Hor hasi zen basoa garatzen".
Sakanako Mankomunitateko zabortegia eta Arbizuko kanpinaren artean dagoen eremu batean dago basoa, "eta egia esan orain zoragarri dago, egun hauetan botatzen ari diren euriteekin". Zabortegiak, "gezurra badirudi ere", bere ekarpena egin dio basoari eta hegazti asko hurbiltzen direla azaldu du Orellak: "Basoa haien babesleku bihurtu da; horren ondorioz ehun espezie inguru txori ezberdin ikus ditzakegu bertan". Bioaniztasunaren ikuspegitik "sekulako altxorra daukagula" esaten dute adituek: "Agian bertakook ez dugu estimatzen, baina kanpotik etortzen den jendea eta adituak harriturik gelditzen dira".
"Hasiera batean basoan putzu bat sortu zen, bertako igel mota bat desagertzeko arriskuan dagoelako, jauzilaria, eta babesa emateko. Kanpinean ere horrelako zerbait egin zuten. Baina ez genuen espero bioaniztasun handi hori lortzea". Arbizuko Oinez Basoak bere garapena jarraitu du, eta duela bi edo hiru urte joan izatekotan "utzia dagoela" esan zezaketela esan du Orellak. Proiektua berriz hartu zutenean, Nafarroako Gobernuko teknikariek azaldu zien basoak bere garapena egin zuela, garbiketa egin behar zela eta zuhaitz mota batzuek aurrera egin zutela, "baina hori naturan normala da", eta bere garapenaren barnean landaretzaz gain animalia aldetik ere aniztasuna izugarri ugaritu dela.
Altxorra
Proiektua berriz martxan jarri edo beste baso batekin hastea erabaki aurretik, Nafarroako Gobernuko teknikariekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat aditurekin harremanetan jarri ziren, basoaren jarraipena egiten ari direnak, eta esan zieten basoa "oso ongi" zegoela: "Merezi zuela horretan buelta bat ematea eta txori aniztasun horrek ekarri duenaren gainean zerbait berria egitea". Hortik etorri zen lehenengo basoaren gainean proiektua garatzeko ideia. "Ahalegin guztiak hara bideratu ditugu: berritzera, hobetzera, lehen zeuden aurrera egin ez zituzten zuhaitzak garbiketa egitera, birlandaketara, inguratzen duen hesiak berritzera...". Momentu oso polita dela esan du Orellak, "lan gogorra egiten ari da guraso talde bat".
Guraso talde bat kudeatzen ari da Oinez Basoa. "Nafarroa Oinezen urtean zehar talde mistoa sortzen da, eta babesletza batzordetik eta inguru guri batzordetik abian jarri zuten proiektua". Nafarroa Oinez bukatuta horietako guraso batzuk, beste batzuekin batera, basoa kudeatzeko beste talde bat sortu zutela azaldu du Orellak. Talde horretako kide da Zubieta: "Guraso bezala proiektu interesagarria iruditzen zait, ikastolak baso bat kudeatzeko aukera izatea oso formagarria iruditzen zait umeentzat, benetan interesgarria". Beste balore batzuk ikas ditzaketela eta ingurumenari garrantzia emateko baliabide bat dela azaldu du etxarriarrak. "Azkenean ikastolari beste dohain batzuk txertatzen dizkiozu, nik uste gaur egun oso garrantzitsuak direnak".
Taldetik basoaren kudeaketaren erabakiak hartzen dira: "Zer egin, nola egin, nola bideratu lanak, eta ondoren lantaldean egiten duguna dago, lantalde desberdinak, landaketa eremuak garbitu, oso garrantzitsua dela". Garbiketa lan asko egin dituztela esan du Zubietak, "nahi ditugun zuhaitzak handitzeko ingurua garbitu behar da, guneen txukunketa egin behar da, bestela belar txarrek zuhaitzak hiltzen dituzte". Basoaren jarraipena eta animalien jarraipena egiten dutela ere gaineratu du: "Landaketak egin ondoren jarraipena egin behar da ere, jartzen ditugun zuhaitz berri horien babesak bai orkatzek bai ganaduak ez dezaten mindu edo hil landare berria". Itxiturak kudeatu, jarri dituzte behatokiak diseinatu, lortu, margotu eta moldatu, eta kokapen lanak egin ditu taldeak ere. "Hori guztia zerotik eginda; nola egin pentsatzetik, diseinura eta kokatzera".
Orellaren hitzetan, taldea egiten ari den lana "ezin da sinetsi": "Goizeko seietan han daude, gero lanera joaten dira, haurrak zaindu eta abar, eta gero gaueko zortzietan berriz agertzen dira frontalekin". Eskerrik "beroenak" adierazi dizkie zuzendariak.
Arbizuko Udalarekin akordioa berritu dute eta mantentzeari begira bere partaidetza "ezinbestekoa" dela esan du Orellak. Bestetik, Unanuko Kontzejuak eta Etxarri Aranazko Udalak ere kanpoko itxituraren mantenuan parte hartuko dute, "eta aurtengo berrikuntza nagusia da behatokiak jarriko direla txoriak ikusteko".
Babesak
Sakanako hiru enpresa basoa "babestera" sartu dira: Sakanako Kooperatiba, Magotteaux eta Eseki SAL. Nafarroa Oinez babesteko modu desberdinak aurkeztu zitzaiela azaldu du Orellak, eta hasieratik proiektu honekin "ilusio handia" hartu zutela esan du: "Osotasuna zuen proiektu bat ikusi zuten, eta beraiek ere modu batea edo besteaz ardura dute jarduera industriala konpentsatzeko eta ekarpena egin nahi zioten eskualdeari". Proiektuan hasieratik inplikatu dira, eta ikastolari "proiektuari seriotasuna emateko" bi kontu eskatu zizkioten: "Mantenuan inplikatzea eta horretarako sortu behar zen guraso talde hori modu iraunkorrean mantenuaz arduratuko zena eta, bestetik, proiektu pedagogikoan inplementatzea".
Hiru behatoki zonalde egongo dira, eta enpresa horietako bakoitzak bat babestuko du: "Sarreran bere presentzia izango dute ere, baina gero Eseki SALen, Sakana Kooperatibaren eta Magotteauxen behatokiak egongo dira". Ikastolaren komunitatearendako "oso garrantzitsua" izan da enpresen inplikazioa, "printzipioz elkarkidetza oso positiboa izaten ari da".
Zuhaitzak
Oinez Basoa sortu zutenean 5200 bat zuhaitz landatu zituzten. Haietako batzuk aurrera egin zuten, eta beste batzuk ez, "normala da". Orain garbiketa eta birlandaketa egin dute aurrera egin ez zuten zonalde horietan. Batez ere haritzak eta gaztainondoak landatu dituzte. "Otsailean landaketa bat egin genuen, eta gure ikasleak eta familiak tarteko beste landaketa batzuk egin dituzte ere".
Basoaren proiektuari lotuta ibarren gaztainondoen eta gaztainen inguruko ikusentzunezkoak egin dituzte: "Gure eskualdean badira adineko gizon batzuk lotura handia dutenak gaztainondoekin, Bakaikun, Irañetan, Arbizun... Beraiek bideo motzetan gaztaina eta gaztainondoaren inguruko beraien jakinduria partekatu dute". Beste zonaldetan gaztaina eskasia zegoenean diru iturri izan zen, eta beste batzuendako proteina iturria, azaldu du Orellak. "Arrastoa utzi du eta jakinduria hori gelditzeko eta partekatzeko modu bat izan da".
Pedagogia
Oinez Basoa martxan jarri ondoren, Paz de Zigandak Nafarroa Oinezen antolakuntza hartuta, proiektua Arbizuko basoan garatzea erabaki zuen, eta ondorioz, "Paz de Zigandaren basoa ere bada". Iruñeko ikastolan batxilergoko ikasketak daukate, eta urte batzuk daramatzate basoan lan egiten. "Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle pare baten laguntzarekin lurra aztertzen dute". Aurreko urtea estatu mailako sari bat irabazi zuten eta Brasilen proiektua aurkezten egon ziren. "Lehen aipatu bezala, ez dugu estimatzen bertan duguna".
Andra Mari Ikastolatik asmoa dute, "eta ari gara", basoa baliabide pedagogiko bat izateko. "Ikastetxe batzuek baratzea dute, gure kasuan txiki bat daukagu, baina baso bat daukagu ere". Ikastolan bi urterekin hasten direnetik 16 urtera arte basora helburu desberdinekin basora joaten dira: "Batzuk joaten dira herbarioak egitera, beste batzuk txoriak ikustera, beste batzuk landaketak egitera, haur hezkuntzakoak bisita modu ludikoak egiten dituzte...". Horrela ikasleek basoaren bizitza ikusiko dute, "eta ekosistema baten garapenaren inguruan hainbat ikuspegi landuko dituzte". Basoa baliabide "izugarria" dela esan du Orellak: "Egia da lana eskatzen duela eta eskatuko duela, baina bueltan ekarriko diguna ez da makala".
Mustutzea
Maiatzaren 25ean Oinez Basoaren mustutzen ekitaldia egin zuten. Arbizuko ikastolaren 50. urteurren festaren barruan egin zuten inaugurazioa, eta aurretik azken lanak egiten aritu zirela esan du Iñigo Orellak. "Sakana mailan beste ikastetxeei begira, Arbizuarrei begira, hau dago, Andra Mari Ikastolaren ekimenez Nafarroa Oinezen bitartez eta milaka lagun bitartez babestuta". Besteak beste, paseatzeko, lasai egoteko, zuhaitz desberdinak ikusteko, txoriak ikusteko eta aintziraren bueltan paseotxo bat emateko "bueltan" eman du ikastolak.
Mustutze egunean zonaldeko udal ordezkariak eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariak eta hiru enpresa babesleen ordezkariak izan ziren. Seguruenik udazken aldera biologo batekin bisita gidatua egingo dutela aurreratu du.
"Mustutze egunerako paraje bikaina, behatokiak bere tokian eta katiuskak" izango zirela esan zuen mustutzearen aurretik Aitor Zubietak. Azken hilabete eta erdian basoan lan egitea "ez da erraza izan" esan du. "Ikaragarrizko euri pila egin du, eta zorionez oso gune hezea da eta aintziratxoak ditugu hor, baina hainbeste euri egiteak lanetan atzerapen handiak ekarri digu". Behatokiak kanpoan egin dituzte, baina bertan egindako lana atzeratu zaiela esan du: "Babesak jartzeko aukera izan dugu, baina horretaz gain garbitze lanak atzeratu zaizkigu". Eskuzko lan asko egin du guraso taldeak. "Beste udaberri bat izango balitz, beste modu batera izango zen".