Jorge Serranok, Existe koalizioaren Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaiak (zerrendan 3.a eta Por Un Mundo + Justo koalizioko kideetan lehena), Arantxa Munarriz nafarrarekin batera, aldaketa politikorako proposamenak aurkeztu dituzte. "Europak eta Nafarroak kohesio handiagoa behar dute, liskarraren dinamikak hautsi eta justizia eta aurrerapena ekarriko duten politikak sortu", Jorge Serranoren hitzetan.
Hainbat neurriren artean hiru nabarmendu dituzte. Lehenik, zerga kohesioa. "Europa mailako zerga-harmonizazioa lortu behar dugu, eta horrek ez gaitu batzuk besteekin lehian jarriko, beti zergak jaitsiz, gehien dutenei mesede eginez". Bestetik, lurralde kohesioa. "Trenaren alde egin behar dugu, baina ez abiadura handiko trenaren alde (AHT), baizik eta prestazio handiko trenaren alde (TAP), Europako zabalerarekin eta konektatzen den eurokorredorreko estandarrekin. Salgaien %90 baino gehiago errepidez sartzen diren erkidego batean bidaiariak eta salgaiak integratzen dituen trena, horrek dakarren ingurumen-kostuarekin", azaldu du Arantxa Munarrizek.
Gaineratu duenez, "gezurra da nekazaritzaren eta abeltzaintzaren artean aukeratu behar izatearen edo ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko hautua egitearen arteko eztabaida. Beharrezkoa da Europako Nekazaritza Politika erreformatzea, esate baterako, abeltzaintza estentsiboa sustatzeko, gazteen aldeko apustua egiteko sektore bizi horri bizirik eusteko, burokrazia murrizteko, eta muga zergen sistema erreformatzeko, Europan sartzen diren produktuek araudi guztiak bete ditzaten".
Azkenik, gizarte kohesioari erreparatu diote Existe hautagaitzakoek. "Ehunka mila pertsona irregulartasun egoeran edukitzea ez da bidezkoa hainbeste ekarpen egiten dizkiguten pertsona horientzat, ezta ona ere lan-merkatuarentzat berarentzat". Koalizio kideek "bazterketa eta kalteberatasun egoeran dauden kolektiboendako aukerak sustatzen dituzten gizarte-politika aktiboak garatzearen alde egin dute. “Hori oso ondo ulertzen da Nafarroan, lurralde-banaketa ez baita bidezkoa, eta oso kontraste handia dago Iruñearen eta eskualdearen eta Nafarroako hegoaldearen eta Erriberaren artean; izan ere, azken eskualde horretan, biztanleria migratzaile handia dago, eta gizartean integratu behar da".
Nafarroako hautagaiaz
Arantxa Munarriz (66 urte) Gaztelaniako Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan da. "Erretiratuta nagoenez, gehien estimatzen dudana interesatzen zaidan horretan eta eskatzen didaten pertsonengan aritzeko prestasuna da", dio. Horregatik, eta "gizartearendako baliagarria izaten jarraitu" nahi duelako, modu aktiboan parte hartzen du M+Jn."Alderdi hori beharrezkoa da Espainian eta Europan bizi dugun polarizazio eta krispazio giro honetan", hausnartu du. Horregatik aurkeztu da Existeko hautagai gisa.